‘Txiki’ gogoratu dute Gudari Egunean

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 27a

Urtero legez, gaur Gudari Eguna dela-eta, omenaldia egin diote Jon Paredes Manot Txikiri  Zarauzko hilerrian. Bertan bildu dira duela 36 urte fusilatu zuten zarauztarraren senitartekoak, Bildu eta Aralar alderdietako eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ...

Urtero legez, gaur Gudari Eguna dela-eta, omenaldia egin diote Jon Paredes Manot Txikiri  Zarauzko hilerrian. Bertan bildu dira duela 36 urte fusilatu zuten zarauztarraren senitartekoak, Bildu eta Aralar alderdietako eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ordezkariak eta beste hainbat herritar. Txikiz gain, «frankismoaren eta erregimen antifaxisten aurka borrokatu ziren» eskualdeko hainbat lagun ere gogoratu dituzte, horien artean, Angel Otaegi azpeitiarra.

Ohi bezala, gudari zarauztarraren hilobian parean bildu dira. Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ordezkari Martxelo Alvarezek hartu du hitza. Txiki eta gainontzeko kideak egun ere “terrorista edota bandolerotzat” jotzen dituztela salatu du: “Ez dituzte benetan zirena bezala gogoratzen, hau da,  borrokalari eta biktima gisa”.  Ildo horretatik, “oraindik” memoria historikoaren alorrean “egiteko asko” dagoela nabarmendu du Alvarezek: “36ko gerrako gainontzeko biktimak bezala, Txikik eta bere kideek aitorpen osoa behar dute. Orain da iraganeko irizpideak alde batera utzi eta bide demokratikoak lantzeko garaia”. Horrez gain, “erregimen antifaxisten eta frankismoaren aurkako gudariak gogoratzeko” bildu direla gogoratu du, eta ez inor “goraipatzeko”. Ildo horretatik, “egia azaleratzea, justizia egitea eta egindako kaltea ordaintzea beharrezkoak” direla dio. Kalte ordainen alorrean, ordea, azken urtetan “gutxi aurreratu” dela salatu du.

Ekitaldiaren amaieran, Eusko Gudariak abestia kantatu dute guztiek; hura abestuz eman zuen Txikik «bere azken arnasa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide