Denboraldian egindako lana eskertze aldera, Edorta De Anta arraunlariari eta OBB Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldeari omenaldi xumea egin diote eguerdian Orioko udaletxean. Beñat Solaberrieta alkatearen eta Bixente Lasa kirol zinegotziaren eskutik, Orioko herriaren irudia egurrean zizelkatutako oroigarria jaso dute De Antak eta OBBko arduradun Elena Etxeberriak. De Antak Arraunketa Egokituko Munduko Txapelketan seigarren postua lortu zuen, Bled-en (Eslovenia), eta 2012an Londresen jokatuko den Olinpiar Jokoetarako sailkatu da. OBB taldeak, berriz, Dupnitsa-n (Bulgaria) jokatutako Europako Sofbol Txapelketan hirugarren postua eskuratu du. Ekitaldia borobiltzeko, mokadutxo bat janez eta zerbait edanez lorpenen inguruan solasean jarduteko aukera izan dute.