Iaz baino 7.000 bisitari gehiago izan da aurten udan

Zarauzko Hitza 2011ko ira. 22a, 18:10

Aurtengo uztaila euritsua izan bada ere, iaz baino %10 bisitari gehiago izan dira udan Zarautzen. Turismo Bulegoko «termometroak» 7.000 turista gehiagozenbatu ditu uztailean eta abuztuan. «Jendeak Zarautzez duen irudia apurtzen ari dela erakutsi digu horrek. Egun ez da hondartza eta eguzkia biltzen duen udalerria soilik; egun lainotsu eta euritsuetarako ere eskaintza oparoa  duela argi geratu da», nabarmendu du turismo zinegotzi Karmele Alberdik. Udako oporraldian Zarautz eta inguruak bisitatu dituzten turista gehienak Kataluniatik eta Valentziatik (Herrialde Katalanak) etorritakoak izan dira, baita Espainiako gainontzeko probintzitatik ere. Europatik etorritako bisitarien kopurua «aipagarria» dela azaldu du Alberdik: «Europako bisitarien kopurua ez da eskasa izan, ezta gutxiagorik ere. Zehazki, bisitarien laurdena da. Gehienak Alemaniatik etorri dira, baita Frantziatik eta Herbehereetatik ere». Euskal Herriko bisitarien kopurua ere, 2010arekin alderatuta, igo egin da: «Iaz baino %36 bisitari gehiago etorri da Euskal Herritik». Udan herria bisitatu dutenen kopurua «mantendu» ez ezik, «igo» egin da. Horrez gain, Turismo Bulegoak bisitarien artean udan zehar egindako inkesten arabera, atzerritik datozenek «ongi» baloratzen dute Zarautzek duen eskaintza zabala: «Herria ez dagoela masifikatuta nabarmendu dute, izaerari eta kulturari eusten diola, aisialdi eskaintza interesgarria duela, eta abegikorra dela». Hala ere, proposamenak egin dituztela nabarmendu du Alberdik, «zer hobetua badagoelako». Ildo horretatik, aparkaleku gehiagoren eta [...]

Aurtengo uztaila euritsua izan bada ere, iaz baino %10 bisitari gehiago izan dira udan Zarautzen. Turismo Bulegoko «termometroak» 7.000 turista gehiagozenbatu ditu uztailean eta abuztuan. «Jendeak Zarautzez duen irudia apurtzen ari dela erakutsi digu horrek. Egun ez da hondartza eta eguzkia biltzen duen udalerria soilik; egun lainotsu eta euritsuetarako ere eskaintza oparoa  duela argi geratu da», nabarmendu du turismo zinegotzi Karmele Alberdik.
Udako oporraldian Zarautz eta inguruak bisitatu dituzten turista gehienak Kataluniatik eta Valentziatik (Herrialde Katalanak) etorritakoak izan dira, baita Espainiako gainontzeko probintzitatik ere. Europatik etorritako bisitarien kopurua «aipagarria» dela azaldu du Alberdik: «Europako bisitarien kopurua ez da eskasa izan, ezta gutxiagorik ere. Zehazki, bisitarien laurdena da. Gehienak Alemaniatik etorri dira, baita Frantziatik eta Herbehereetatik ere». Euskal Herriko bisitarien kopurua ere, 2010arekin alderatuta, igo egin da: «Iaz baino %36 bisitari gehiago etorri da Euskal Herritik». Udan herria bisitatu dutenen kopurua «mantendu» ez ezik, «igo» egin da.
Horrez gain, Turismo Bulegoak bisitarien artean udan zehar egindako inkesten arabera, atzerritik datozenek «ongi» baloratzen dute Zarautzek duen eskaintza zabala: «Herria ez dagoela masifikatuta nabarmendu dute, izaerari eta kulturari eusten diola, aisialdi eskaintza interesgarria duela, eta abegikorra dela». Hala ere, proposamenak egin dituztela nabarmendu du Alberdik, «zer hobetua badagoelako». Ildo horretatik, aparkaleku gehiagoren eta bizikleta zerbitzu baten beharra dagoela adierazi dute inkesta bete duten bisitariek.
Bestelako aukeretara irekita
Ohiko turismoaz gain, Zarautzek badu bestelako eskaintza ere: kultura, gastronomia eta kirola, besteak beste. Udan zehar jokatu dituzten estropadak eta surf txapelketak, esaterako, turistentzat «imana» izan direla adierazi du turismo zinegotziak. Euskal Asteak ere bisitari ugari erakarri  du: «Aurtengo Euskal Jaia inoizko jendetsuena izan da».
Orokorrean, udako ekitaldiak «arrakastatsuak» izan direla dio turismo zinegotziak: «Hala ere, horrek ez du esan nahi bere horretan eutsi behar zaienik. Jai eredua birplanteatu beharra dagoela iruditzen zaigu».
Ostalariak, gustura
Ostatu, taberna eta jatetxeentzako «uda oparoa» izan dela nabarmendu du Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteko kide Igor  Azpitartek: «Azken urteetan bi faktorek eragin zuzena izan dute gure alorrean; bata kontrakoa da, eta bestea aldekoa. Krisi ekonomikoa eta gobernu aldaketa, hurrenez hurren. Hori kontuan izanda, eta negu gogorra pasatu ostean, aurtengo udaberrian lan polita egin dugu. Horren ondorioz, ostalarioi dagokigunez, uda aproposa izango zela aurreikusi genuen. Eguraldi txarra egin arren, uztaila salbatzea lortu genuen, eta abuztua eta iraila paregabeak izan dira. Oso pozik gaude». Hala, ostatuei dagokionez, uztailean okupazioa «oso altua» izan dute; abuztuan berriz, «goraino  beteta» egon dira. Euskal Astea dela-eta, irailean ere harrera ona izan dute ostatuek aurten.
«Oraindik bisitariak herrira etortzen jarraitzen dute», nabarmendu du Zurekineko kide Asier Aldalurrek. Hala, urrian ere bisitari ugari izango dela adierazi du Aldalurrek: «Aurreikuspen politak ditugu urrirako ere. Eguraldiak lagunduz gero, eta antolatuko ditugun ekitaldiei esker, urrian ere balantze positiboa egingo dugula deritzot». Aldalurren arabera, oraindik zehaztu gabe badute ere, askotariko jardunaldiak izango dira datorren hilabetean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide