Gutuna: ‘1936ko irailaren 20a gogoan’

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 22a

Gazteenek jakingo ez duten arren, irailaren 20a zarauztar askok odolez gogoratzen duten eguna da. Gaur ez da kalerik Zarautzen egun haren ohoretan, hainbat urtetan izan zen bezala. Baina horregatik ez dugu ahaztu nahi 1936ko egun hartatik aurrera gertatu zena. Irailaren 20a, jazarpen, errepresio eta debeku aro baten lehen eguna izan zen; egun hartan, Nafarroan altxatutako tropa frankista eta karlistek Zarautz hartu zuten. Astebete lehenago, Donostia altxatuen eskuetan zen, eta Gipuzkoako hiriburutik ihes zihoazen jendeen pasabidea zen Zarautz. Gerra bazetorren, baina zarauztarrek ezin zuten irudikatu gerra ondorena 40 urtez luzatuko zenik, ezta hark ondorio pertsonal eta kultural izugarriak utziko zituenik ere herri honetan. Egun beste testuinguru eta garai batean bizi gara, baina Franco ohean hil zen arren, haren ondorengoen politika jasaten jarraitzen dugu, ilegalizazio mehatxu, justizia gabeko justiziaren epai mingarri eta euskara menosteko erabakiekin. Gerra amaitu zen, Franco hil zen, demokrazia heldu zela saldu ziguten, baina demokrazia hau, dardarka jartzen da hainbat epaileren debeku eta politikariren jarrerarekin, M15 mugimenduak azken hilabeteetan salatu duen bezala. Herenegun irailaren 20a zen, eta zarauztarren memoriak ez du ahazten eta ez du ahaztuko 1936ko egun hartan eta ostean gertatu zena. Baina arraunlariek bezala, atzera begiratzen dugu aurrera egiteko, eta Zarauzko Bildu osatzen dugunon aldetik, duela 75 [...]

Gazteenek jakingo ez duten arren, irailaren 20a zarauztar askok odolez gogoratzen duten eguna da. Gaur ez da kalerik Zarautzen egun haren ohoretan, hainbat urtetan izan zen bezala. Baina horregatik ez dugu ahaztu nahi 1936ko egun hartatik aurrera gertatu zena.
Irailaren 20a, jazarpen, errepresio eta debeku aro baten lehen eguna izan zen; egun hartan, Nafarroan altxatutako tropa frankista eta karlistek Zarautz hartu zuten. Astebete lehenago, Donostia altxatuen eskuetan zen, eta Gipuzkoako hiriburutik ihes zihoazen jendeen pasabidea zen Zarautz. Gerra bazetorren, baina zarauztarrek ezin zuten irudikatu gerra ondorena 40 urtez luzatuko zenik, ezta hark ondorio pertsonal eta kultural izugarriak utziko zituenik ere herri honetan.
Egun beste testuinguru eta garai batean bizi gara, baina Franco ohean hil zen arren, haren ondorengoen politika jasaten jarraitzen dugu, ilegalizazio mehatxu, justizia gabeko justiziaren epai mingarri eta euskara menosteko erabakiekin.
Gerra amaitu zen, Franco hil zen, demokrazia heldu zela saldu ziguten, baina demokrazia hau, dardarka jartzen da hainbat epaileren debeku eta politikariren jarrerarekin, M15 mugimenduak azken hilabeteetan salatu duen bezala.
Herenegun irailaren 20a zen, eta zarauztarren memoriak ez du ahazten eta ez du ahaztuko 1936ko egun hartan eta ostean gertatu zena. Baina arraunlariek bezala, atzera begiratzen dugu aurrera egiteko, eta Zarauzko Bildu osatzen dugunon aldetik, duela 75 urte gertatu zena ahaztu gabe, konpromiso irmoa erakusten dugu, Zarautz etorkizunean eremu libre eta jazarpenik gabea izan dadin eta erresistentzian aritu ziren haien oinordekotza jasoz, justizian eta nazioen elkartasunean eraiki dezagun herria.
Eider Illarramendi,
Bilduren izenean.
Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide