Zestoako Katamarrua Natur Taldeak Natur Asteburua antolatu du. Larunbatean eta igandean izango dira ekitaldiak, eta haien artean sendabelarrak ezagutzeko irteera eta Zumaiako flysch-a ikusteko ibilaldia antolatu ditu.
Larunbatean sendabelarrak ezagutzeko txangoa antolatu dute, 11:00etan, Gurutzetik irtenda. Irteeran sendabelarrak bildu eta liburuxketan sailkatuko dituzte. Norberak bere liburuxka osatuko du, eta ondoren etxera eramateko aukera izango du. Ibilaldia bai heldu eta bai haurrentzako izango dela esan dute Katamarruakoek.
Iganderako, berriz, Zumaiako flysch-ak ikustera ibilaldia antolatu dute. 09:25ean elkartuko dira Gurutzean eta autobusez (garraio publikoan) Zumaiara joango dira. Helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrentzat prezio berezia izango da. Aurrez ez da ordaindu behar, baina antolatzaileek aurretik izena ematea eskertuko dutela adierazi dute. Izena emateko Udaleko Ingurumen Sailera, 943-147010 telefonora, deitu behar da. Oinezko ibilbide geologikoa egingo dute, eta flysch-ak itsasotik ikusteko itsasoz Algorrira joango dira.