Giranice-k estreinako diskoa aurkeztuko du Bilborock-en

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 22a, 11:53

Bilbao Hiria 23. Pop-Rock Lehiaketako 24 musika talde finalisten artean aukeratu dute Giranice, pop-rock modalitatean, eta gaur arratsaldean, kanporaketako emanaldia eskainiko dute Bilborock aretoan bertan, 20:00etatik aurrera,Velocista valentziarrekin eta Mind The Gap bilbotarrekin batera. «Poz handiz jaso dugu berria. Musika aldetik gure gertuko talde bat sailkatu zen iaz, eta itxaropen txiki bat bageneukan. Egia esan, gogotsu eta motibatuta gaude. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara», adierazi du Giranice taldeko gitarra-jotzaile Joseba Britek. Finaleko kontzertua azaroa bukaeran jokatuko da, eta bertan hiru talde esanguratsuenek hartuko dute parte. Epaimahaikideek lan artistikoa eta musikala kontuan hartzeaz gain, zuzeneko emanaldiari garrantzia berezia ematen diote. «Alde horretatik, gure musikak zentzu berezia hartzen du zuzenean, instrumentala delako», nabarmendu du taldekideak: «Eszenaratzeari garrantzia handia ematen diote lehiaketan. Guri, nolabait esateko, ez zaigu ateratzen musika instrumentala jo eta geldirik egotea. Hitzekin adierazi genezakena geure gorputzarekin igortzen dugu», jakitera eman du Britek. Sei abesti Lehiaketako emanaldia aprobetxatze aldera, estreinako diskoa aurkeztuko dute. Autoekoitzi egin dute, eta sei abestiz osatuta dago: Introa, Thy innocent shall suffer, Rapid heart movement, Admiror paries tenon cecidise ruinis quia tot scriptorum taedia sustineas, Gorriak emandako beltzak zuritzen eta The dance song. Era berean, abestiak taldearen webgunetik (giranice.bandcamp.com) deskarga daitezke, nahiz eta Introa euskarri fisikoan bakarrik sartu duten. «Beraz, nahi duenak doan eskuratzeko aukera izango du. Azken finean, guk ez dugu inolako irabazi ekonomikorik bilatzen. Gure musika zabaltzea da helburua. Gainera, benetako kostua baino merkeago saltzen ari gara diskoa; 5 eurotan, alegia», adierazi du gitarra-jotzaileak. Diskoa martxoa eta apirila bitartean grabatu zuten, hiru asteburutan, Andoaingo Aeroson estudioetan. «Zuzeneko faltsuan» grabatu zuten, «kontzertuetako izaera eman nahian, eta, era berean, soinu perfektutik nahiz garbitik urruntzeko». Horrez gain, musika instrumentala izanik, bat etortzea eta kohesioa islatzea garrantzitsua dela iritzi diote. Horretarako, oinarria osatzen duten musika tresnak —gitarrak, baxua eta bateria— batera jota grabatu dituzte, eta, ondoren, biolina, xilofoia eta teklatuak sartu dituzte. Azkenik, Lisabo taldeko kide Karlos Osinaga Txap-ek masterizatu die diskoa. «Sinfonia edo soinu banda ukitua du. Zati batzuetan, gainera, epikoa da musika», dio Britek estreinako diskoari buruz: «Azkenean, eragin kontuak dira. Musika instrumental dezente entzuten dugu, baita instrumentala ez dena ere. Beraz, gustuko dugu askotarikoa izatea; hau da, epikoa, rockeroa edo goxoa. Abesti baten barruan energia eta emozio asko uztartzen saiatu gara. Ez dugu mezu bat nahi, sentimendu anitzak egotea baizik. Uste dugu diskoan hori guztia plasmatzen asmatu dugula». Gaur Bilbon jo ondoren, bihar gauean Lasarteko Jalgi kafe antzokian ariko da Giranice taldea; 23:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide