Nire autorik gabeko eguna da gaur. Hori dela-eta, autobus zerbitzua doakoa izango da egun osoan zehar herrian. Bestalde, askotariko jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Udalak gaurko egunari begira. 17:30etik 19:30era, esaterako, bide heziketarako zirkuitua egongo da Lege Zaharren Enparantzan 6-12 urte bitarteko haurrentzat.
19:00etan, berriz, Rosa Lizaso eta Mikel Bringas donostiarrek Kiwizibidaia hitzaldia eskainiko dute, Etxezabalako aretoan. Bertan, Zeelanda Berrian zehar bizikletaz egin zuten bidaiaz hitz egingo dute. Kiwi familiekin izandako harremana, bertako paisaia ikusgarria, animaliekin izandako topaketak, bertako flora ugaria eta, oro har, hiru hilabetetan izandako bizipenak izango ditu bikoteak hizpide.