Udaleko aholkularia izango da Andoni Etxaniz alkateorde ohia

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 22a, 11:18

Zumaiako Gobernu Taldeak Andoni Etxaniz izendatu du Udalaren kuadeaketan aholkulari lanetan aritzeko agintaldi honetan zehar. Etxaniz pasa den agintaldian alkateordea eta hirigintza zinegotzia izan zen. Zumaiako Bildu koalizioak adierazi duenez, Etxanizen zeregina alkatetzari eta Gobernu Taldeari laguntzea izango da. Hala, datozen lau urteetan Etxaniz bigarren liberatua izatea adostu du Udaleko Gobernu Taldeak; hasiera batean, Etxanizen liberazioa urtebetekoa izango da. Ondoren, «etorkizunerako biderik onena» zein izan daitekeen aztertuko dutela adierazi du Bilduk. Liberazio gehiagoren beharra Horrez gain, koalizioak nabarmendu du liberazio bat gehiago izateak ez diola eragingo «aparteko gasturik» Zumaiako Udalari, eta 2011. urteko aurrekontuetan bi liberatu zituztela aurreikusita zituztela arrazoitu du. Aurtengo maiatzean egindako udal hauteskundeen ondoren, Zumaiako Udaleko Gobernu Taldeak alkatea bakarrik liberatzea erabaki zuen. Hala ere, 9.000 biztanle dituen herrian liberatu gehiagoren beharra ikusi dute: «Udalaren martxak eta gestioak eskatzen dituen ardurak eta lanak kontuan izanik, hasieratik garbi ikusi genuen liberatu bakarra ez zela nahikoa izango egin beharreko lan eta erronketarako», esan du Bilduk. Udala kudeatzeko «egokia» Irailean gaia aztertu, eta hainbat arrazoigatik hautatu dute Etxaniz kargurako: «Gobernu Taldeko zinegotziak liberatzeko zailtasunak, ardurak hartu dituzten zinegotziak udaletxean berriak izatea eta Udaleko lana ondo ezagutzen duen norbaiten beharra» aipatu dituzte, besteak beste. Bilduk uste du liberatu berriak «ondo» ezagutzen duela Zumaiako Udala eta, horregatik, Etxanizek «hobeto kudeatu» dezakeela uste du koalizioak: «Iruditzen zaidu aurreko agintaldian oso lan ona egin zuela Udal Gobernuan, eta horrelaxe aitortu dutela hautesleek; halaber, esperientzia handikoa da, laguntza eta babes handia emango die zinegotzi berriei». Bilduk nabarmendu du Etxaniz ezin izan zela aurkeztu hauteskundeetara «ilegalizazioaren eta Alderdien Legearen mehatxupean». «Oso egoera berezia bizi dugu, eta ez ohiko egoera honetan, ez ohiko konponbide hau iruditu zaigu egokiena».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide