Sumbawa Indonesiako Errepublikako irla bat da, Java eta Bali artean dago. Leku zoragarria lehenengo begi kolpean. Badu, ordea, alderdi iluna. «Ohiko paradisuaz haratago dagoen» alderdi hori ezagutzen dute Aritz Aranburu eta Axi Muniain surflari zarauztarrek. Askotan izan dira irlan, surfa dela-eta. «Paradisuaren bi alderdiak» ezagutzeko aukera izan dute, hala. «Bi muturrak ezagutu ditugu: batetik, toki liluragarria, eta bestetik, bertako indigenek dituzten oztopo eta gabeziak, besteak beste, gosea, ustelkeria eta hezkuntza falta», nabarmendu du Muniainek.
Hori dela eta, Desarrollo Compatible gobernuz kanpoko erakundeak martxan duen Harapan proiektuarekin bat egitea erabaki dute bi surflariek. Egitasmoaren helburua Sumbawan eskola bat eraikitzea da, bertako haurrek heziketa duina izan dezaten. Proiektuari bultzada emate aldera, Aranburuk, Muniainek eta Eunate Agirre bodyboarder bilbotarrak iragarkia grabatu zuten atzo, Zarauzko hondartzan. Debolex enpresaren gidaritzapean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez grabatu dute iragarkia, «bertako nahiz nazioarteko komunikabideetan zabaltzea asmo» .
«Bertako haurrek ez dute heziketa duina jasotzeko aukerarik. Horrek sekulako eragozpenak sortzen dizkie. Izan ere, Sumbawa leku turistikoa da eta bertakoek, heziketa izan ezean, ez dute errealitate horri probetxua ateratzeko aukerik», azaldu du Muniainek. Horrez gain, nutrizio falta nabarmena eta osasunaren alorrean ere gabezia handia dutela dio zarauztarrak.
Hori dela eta, heziketa zentroa eraikitzeaz gain, bertakoei giza laguntza eta osasun aldetik babesa eskaintzea da egitasmoaren helburua. Horretarako, Sumbawako familiei gertuko jarraipena egiteko asmoa dute, haien osasun egoera kontrolatzeko. Bestalde, bertako gaixotasunen inguruko ikerketa abiatuko dute, horiei aurre egiteko tratamendu egokiak prestatzea aldera.
Irudiaren indarra
Surflarien arabera, Sumbawako errealitatea aldatu ahal izateko beharrezkoa da herritarren babesa eta laguntza. Hori lortze aldera, «irudiaren indarraz» baliatu dira. «Hitzak haizeak daramatza. Sumbawako bi errealitate horiek, berriz, oso erraz isla daitezke irudi bidez. Irudi horiez baliatuz, herritarrek proiektua bultzatu dezaten nahi dugu», nabarmendu du Muniainek. «Guztiok dakigu nolakoa den Indonesiako egoera. Surflari gisa, uretan zaudenean leku liluragarria iruditzen zaizu. Uretatik ateratzean, ordea, errealitatea oso bestelakoa dela konturatzen zara», dio Muniainek.
Harekin bat egin du Aranburuk. «14 urte nituenetik bidaiatzeko aukera izan dut, eta horri esker, leku asko ezagutu ditut. Pribilejiatua naiz alde horretatik.», nabarmendu du: «Horrek beste errealitateak ezagutzeko aukera eman dit, eta laguntza behar duten hainbat toki daudela ikusi dut. Hori dela eta, Harapani nire babes osoa zor diot». Ildo horretatik, bertako errealitatea aldatzeko «ahal duten guztia» egingo dutela dio.



