Balentziaga museoko arduradunak gustura gelditu dira Donostiako Zinemaldiko epaimahaikideek museora egindako bisitarekin: “Cristobal Balenciaga Museoak liluratu egin du Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioko epaimahaia”, adierazi dute. Atzo egin zuten bisita Getariara hainbat sailetako epaimahaikideek. Bertan izan ziren sail ofizialeko Sophie Okonedo, Sophie Maintigneux, Bai ling, Bent Hamer eta Frances McDormand; Horizontes saileko epaimahaikide Juan Diego Botto, Daniela Michel eta Javier Martin; eta zuzendari berrien saileko Jessica Hausner eta Paz Lazaro. Irudian, epaimahaikideak eta museoko arduradunak, tartean hango zuzendari Javier Gonzalez de Durana.
