Meagarako errepideko lanak «lehenbailehen» hasteko eskatu du EAJk

Getariako Hitza 2011ko irailaren 20a

EAJk Meagarako errepidearen obrak «lehenbailehen» hasteko eskatu du: «Errepide hau berritzea beharrezkotzat jotzen dugu, N-634a ixten denean sortzen den trafiko arriskutsua medio». Alderdia «kezkatuta» dago Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azke...

EAJk Meagarako errepidearen obrak «lehenbailehen» hasteko eskatu du: «Errepide hau berritzea beharrezkotzat jotzen dugu, N-634a ixten denean sortzen den trafiko arriskutsua medio». Alderdia «kezkatuta» dago Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken adierazpenekin: «Aldundiak GI-3391 errepidearen proiektua Girder enpresari esleitu zion. Enpresa honek aurtengo ekainean bukatu du lana, eta Aldundiaren eskuetan jarri du». Hori dela eta, erakundearen «lehentasuna errepidea zabaldu, indartu eta behar den moduan egitea» izan behar duela nabarmendu du.
Horri lotuta, Azkue ostatuaren aurreko bidegurutzea biribilgune bihurtzea proposatu du EAJk, eta bertatik frontoira bitartean espaloia egitea. Frontoi ondoko errepidea ezker aldera aldatuz gero, gunea zabalduko litzatekeela azaldu du, «seguruago» bilakatuz. Proiektuari jarraipena emateko eskatu dio EAJk alkateari.
Bestalde, auzoan hemeretzi etxebizitza babestu egiteko proiektua abiarazteko eskatu dio alderdi jeltzaleak alkateari . «Apirilean Getariako ANVk alegazioa sartu zuen Meagan etxebizitza babestuak egitearen aurka. Oraingo alkateari horrelako mezuak alde batera utzi, izena emanda dauden Meagako 21 seme-alabekin elkartu, hitz egin eta obrak hastea eskatzen diogu», diote alderdikideek. Jakinarazi dutenez, dokumentua egina dago: «Obrekin hastea besterik ez da geratzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide