Nerea a ze argitasuna,
nerea a ze suertea.
Orain piztu ta orain itzali
argi intermitentea
Horrela kantatu zuen Ibai Esoainek Gipuzkoako bertsolari txapelketan, Azkoitiko final zortzirenetako saioan, azken agurrean, kartzelan argia izan baitzuten kanturako gai. Izan ere, saio gorabeheratsua izan zen Esoainena, bertsoaldi txukun batzuek egin arren, beste batzuetan beheragotik ibili baitzen. Xabier Sukia izan zuen kantu lagun eta honek ere utzi zituen ale onak, nahiz eta bere onenean ez aritu. Saioaren amaieran, epaileen puntuazioak kontuan hartuta Sukia bigarren izan zen eta Esoain hirugarren Arkaitz Oiartzabal Xamoaren atzetik. Hona hemen puntuazioa:
- Arkaitz Oiartzabal Xamoa 460,5 puntu
- Xabier Sukia 450,5 puntu
- Ibai Esoain 447 puntu
- Gorka Azkarate 442 puntu
- Gorka Maiz 435 puntu
- Asier Azpiroz 408 puntu
Azkoitiko Baztartxo antzokian 500 inguru lagunen aurrean indartsu hasi zuten saioa bertsolariek. Bertsotan hainbat neurritan aritu behar zuten eta epaileek ere neurtu zituzten bertsoak, Xabier Sukiak, hala ere, neurtu ezineko saioa izango zela esan zuen agurrean. Lehen agurren ondoren, Iparragirreren doinuan ekin zioten bertsolariek saio puntuagarriari. hitz eta errima jokoek entzuleen barre eta txaloak eragin zituzten. Asier Azpirozekin aritu zen Ibai Esoain. Azpirozek, jatetxe ezagun bateko nagusiak, jatetxeko zabor ontzitik janari ondarrak hartzen aurkitu zuen Esoain. Artzaken papera hartu zuen Azpirozek eta Esoainek hitz joko polita eginez honela erantzun zion:
Hartzea libre izango da ba
Artzakena baldin bada
Zortziko txikian umoretik jo zuten bertsolariek. Janari kontuetan aritu zen Sukia ere. Bi pisukideren gisara jarri zituen gai jartzaileak Sukia eta Azkarate. Azkarate pisura amak prestatutako janaria eramaten zuena zen eta Sukia ezer eramaten ez zuena. Azkaratek, denbora aurrezteko egiten zuela esan eta Sukiaren erantzuna hau izan zen:
Nere sukaldiakin
ez naiz larrituta
amak biontzat aina
ematen dizu ta
Ikasketetako hizkuntza ere baliatu zuen Sukiak:
Gaur hamar suspensokin
etxeraino nator,
baina zure amari
matricula de honor.
Bakarka bina punturi erantzun behar izan zieten gero eta oina emanda bertsoa osatu. Zuzen aritu ziren eta entzun zen ale politen bat edo beste ere.
Kartzelako saioaren
aurretik, zortziko handian aritu ziren ofiziotan. Ariketa horretan ez zuten behar beste asmatu. Sukiak eta Esoainek elkarrekin kantatu zuten orain arte politikariak zaintzen ibili eta orain tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen bizkartzain paperean. Honako arrazoiak bota zituzten besteak beste:
Bizkartzain gera Xabier ta ni
soldata on baten jabe
bizkartzainikan ez izatea
desio dugu halare
Nik Mari Karmen ta zuk Idoia
badute nahiko meritu
ta hauek jotzen dituzten hoiek
zeinek zaindu behar ditu
Kartzelako saioan honakoa zuten gaia: Beste behin ere argia piztuta egin duzu lo. Ibai Esoainek lapurretak jasan dituen dendariaren ahotik hiru bertso polit kantatu zituen; Xabier Sukia, berriz, heriotzari begira bizi den aitonarenetik sakon aritu zen.
Bukaeran, Arkaitz
Oiartzabal Xamoa izan zen Azkoitiko saioan puntu gehien batu zituena, beraz, final-laurdenetarako txartela
ziurtatu zuena. Oriotarrek gainontzeko saiotako puntuazioen zain egon beharko dute.
Gurrutxaga eta Eizagirre
Final zortzirenekin aurrera jarraituko dute bertsolariek eta Eibarren izango da hurrengoa irailaren 24an, 17:30ean Coliseo antzokian. Han arituko da bertsotan Iñaki Gurrutxaga eta Agin Rezola, Felix Zubia, Iker Osa, Jokin Labaien eta Nerea Elustondo izango ditu bertso lagun.
Egoitz Eizagirrek, berriz, Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko du final zortzirena urriaren 1ean Joxe Munduate, Jokin Uranga, Unai Gaztelumendi, Oier Aizpurua eta Mikel Arrillagarekin.