Zumaian Olarro Eguna ari dira ospatzen goizean goizetik, eguraldiak ez baldin badie lagundu ere. Euria dela-eta ohi baino jende gutxiago bertaratu da olagarro pintxoak eta bestelako jakiak dastatzera, baina hala eta guztiz ere herriko txokoetan jende ugari elkartu da; goizean, koadrilek Olarro Eguneko V. Bandera jokatu dute itsasi kiroldegi eta kaia partean.
Ohi bezala, ekitaldi gastronomikoek hartu dute tarterik handiena Olarro Egunean; izan ere, beste behin lehiaketa gastronomikoa egin dute Eusebio Gurrutxaga plazan, eta elikagaien azoka ere egin dute bertan. Halaber, gaztetxoentzat eta haurrentzako garai bateko jolasak ere prestatu dituzte.
Arratsaldean, herri bazkaria egin ondoren, uretako jokoak egingo dituzte gazteek arranpla parean, eta irrati-kontrol bidezko ontzien bigarren saioa ere egingo dute. Horrez gain, berriro olagarro brotxetak eta pintxoak banatuko dituzte txosnetan.
Bestetik, gauean egitekoa zuten Disko festa bertan behera utzi dute antolatzaileek, eguraldi txarraren ondorioz. Hala hurrengo batean egingo dutela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, kontzertuak eta erromeria izango dira gau partean.