Irailaren 17an hasiko da Gpuntua: 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea, final-zortzirenekin. Maiatzean jokatu zen sailkapen fasearen ondoren, Andoainen eta Azkoitian izango dira final-zortzirenetako lehen saioak, larunbat eta igandearekin. Azkoitiko saioan izango dira, hain zuzen ere, txapelketan parte hartuko duten lau oriotarretatik bi: Ibai Esoain eta Xabier Sukiak, Baztartxo antzokian izango da saioa, irailaren 18an, 17:30ean hasita eta Esoain eta Sukiarekin batera arituko dira Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Gorka Azkarate, Asier Azpiroz eta Gorka Maiz.
Maiatzean jokatu zen Lehen Fasea, eta jarri genituen helburu guztiak bete ostean, indar betean hasiko dugu fase berria, Illunbeko finaleraino, esan zuen aurkezpenean Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko presidenteak; Gipuzkoako bertsoaren sarea ehuntzera dator Gpuntua, geltokiz geltoki, bidaiariak eta bertsolariak bat hartuta Illunbeko helmugaraino, gaineratu zuen.
Geltokitik geltokirako bidaia horretan, beste bi Oriotarrek ere hartuko dute parte. Iñaki Gurrutxagak Eibarko geltokian egingo du bertsotan irailaren 24an, Coliseo antzokian, 17:30ean; Egoitz Eizagirrek, berriz, Elgoibarko Herriko Antzokian, urriaren 1ean, 17:30ean.
Saioetarako sarrerak eta informazio gehiago Gpuntua webgunean eskura daitezke.