Udari amaiera emango dion festa antolatu dute larunbaterako: Mahats Bilketaren XII. Jaia. Urtero legez, jatorrizko izendapena osatzen duten upeltegi guztietako mahatsa prentsatu eta denboraldiko lehenego muztioa aurkeztuko dute bertan. Aurten, Pello Zabala frantziskotarra eta Getaria-Tolosa traineruko arraunlariak omenduko dituzte eguneko ekitaldi nagusian. «Pello 1985ean hasi zen eguraldia iragartzen Euskadi Irratian. Erreferentzia gisa oso garrantzitsua da hori mahastizaleentzat», azaldu du Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko teknikari Ruth
Mozok.
«Urte zoragarria» egin dutelako omenduko dituzte, berriz, Getaria-Tolosako neskak: «Euskotren Ligako, Gipuzkoako Ligako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldunak dira, baita Zarauzko III. Ikurriñarenak ere. Kontxan, gainera, bigarren egin zuten». Gerora, Sebastian Lizasok eta Aitor Mendiluzek bertso saioa eskainiko dute, eta Iratzarri dantza taldeak, otxote baten laguntzaz, Txakolin Dantza dantzatuko du.
Aurkezpenaren ostean, herritarrek 21 upategitako txakolina dastatzeko aukera izango dute Lege Zaharren Enparantzan. Sei euro ordainduta, kopa bat eskuratuko dute bertaratzen direnek, eta bost txakolin hartzeko aukera izango dute. Laguntzeko, askotariko pintxoak eskainiko dituzte.
Iaz baino %10 gehiago
Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko teknikariak adierazi duenez, iazko ekoizpenarekin alderatuta, aurten lehengai gehiago dago, %10 gehiago. Hori dela eta, aurtengo denboraldian 2.700.000 kilo mahats bilduko dituztela aurreikusi dute mahastizaleek, eta horietatik milioi bat litro pasa txakolin aterako dutela. Eguraldiari dagokionez, «urte arraroa» izan dela nabarmendu du: «Udaberri oso ona egin du eta bilketa aurreratuko zela pentsatu genuen, baina uztaila nahastu samarra egin du». Hori dela eta, urriko lehenengo asteetarako ia mahasti guztiak biltzen hasiko direla adierazi du.
«Aurten, gainera, bi upategi gehitu zaizkigu, Debakoa eta Hondarribikoa. Larunbatean Zarautzen egongo ez diren arren, datorren urteko jairako prest izango dira», nabarmendu du Mozok.
Ostatuak eta izozkiak
Bestalde, herriko hainbat jatetxek txakolinarekin egindako menu bereziak eskainiko dute, 21 euroren truke. Interesa dutenek aurrez erreserbatu dezakete lekua Kirkilla Enean (943-13 19 82), Lagunaken (943-83 37 01), Kulixkan (943-13 46 04), Egokin (943-13 27 66) eta Txiki Politen (943-83 53 57). Horrez gain, berrikuntza gisa, Arrivati eta Kutixi izozki dendek egunean zehar txakolin eta mahats muztio zaporeko helatuak eskainiko dituzte, prezio berezian.
Eguerdian, berriz, Zurekin elkartearen eskutik txakolin pintxo poteoa izango da herriko tabernetan. Txakolin kopa bat eta pintxoa euro eta erdian eskuratu ahalko da.
Era berean, Zarautz, Alameda, Norte, Olatu eta Roca Mollarri hotelek eta Lagunak eta Txiki Polit pentsioek eskaintza berezia egingo diete udalerrira asteburu pasa datozenei. Hala, ohiko prezioak baino %10 merkeago eskainiko dute ostatu. Horrez gain, txakolin botila bana oparituko diete bezeroei, eta Natura eta txakolina bisita gidatuan hartu ahalko dute parte bihar goizean. Talaiberri txakolindegian hasiko da bisita ,eta Talaimendiko itsaslabarretan zehar egingo dute ibilaldia bertaratzen direnek. Bide batez, Talaiberriko txakolinaren ekoizpen prozesua ezagutzeaz gain, dastatzeko aukera ere izango da.
Ardi txakur lehiaketa
Arratsaldean, berriz, Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa izango da Kortazarren, Atxarte elkarteak antolatuta. Aurten bost txakur lehiatuko direla jakinarazi du Jose Luis Saizar antolatzaileak. «Oso txakur onak dira, eta biren artean izango da lehia. Aiako San Inazio jaietan egin zuten Gipuzkoako txapelketako txapeldunaren eta txapeldunordearen artean, hain zuzen», nabarmendu du. Ildo horretatik, herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu Saizarrek, «ikuskizun polita izango baita».
EGITARAUA
10:30. Natura eta txakolina bisita gidatua, Talaiberri txakolindegitik hasi eta Talaimendiko itsaslabarretan barrena. Bi orduko bisita izango da.
11:00. Kalejira txistulariekin. pEguerdian. Txakolin pintxo poteoa herriko h ainbat tabernatan.
12:00. Lehenengo muztioaren aurkezpena, Lege Zaharren Enparantzan. Sebastian Lizaso eta Aitor Mendizulek bertso saioa eskainiko dute jarraian eta Iratzarri dantza taldeak, otxote baten laguntzarekin, Txakolin dantza eskainiko du.
12:30. Txakolin dastaketa, Lege Zaharren Enparantzan. Ondoren, Iratzarri dantza taldeak eta txistulariek kaleak girotuko dituzte.
18:00. IV. Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa, Iñurritzan, Kortazar zelaian.
18:30. Dantzaldia Agirreren taldearekin, Musika Plazan.