Asteartean, goizaldeko ordubietan, Ertzaintzak etxeetan lapurreta egiten jarduten zuen talde bat atxilotu zuen, Zarauzko ordainlekuan, Bilborako norantzan. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, arma bat eta balio handiko 30 bat objektu konfiskatu zizkieten.
Zehazki lau lagun atzeman dituzte, 22, 23, 27 eta 29 urtekoak. Aipatu iturrien arabera, Euskal Herrian eta Frantzia hegoaldean (Tolosan, kasu) egin zituzten lapurretak. AP 8ko ordainlekuan atxilotu zituzten, gidatzen ari ziren Mercedes markako autoa geldiarazita, Zarautzen, Bilborako norantzan.
Maletategian bitxiak, bisuteria eta elektragailuak zeramatzen; zehazki, zazpi ordenagailu, sakeleko zortzi telefono, eta hiru kreditu txartel; azken horiek Donostian, Balmasedan eta Laudion egindako lapurretetatik eskuratutakoak direla jakinarazi du Ertzaintzak.
Hendaiako gendarmeriarekin elkarlanean, konfiskatutako ordenagailuetatik bi Frantziako Tolosan ostutakoak direla zehaztu du Ertzaintzak.