Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sasoian.info
Pedro Mari Txurruka Aritza harri-jasotzaile mutrikuarraren oroimenezko estreinako txapelketa jokatuko da igandean, 17:30ean hasita, Mutrikuko Kalbaixo ermita ondoko plazan. XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadako jasotzailea izan zen Aritza, eta garaiko bere harriak erabiliko dituzte parte-hartzaileek asteburuko lehian. Guztira, zazpi harri-jasotzaile ariko dira nor baino nor, eta horien artean, izetatarren leinua; hau da, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. Iaz Aritza-ren harri guztiak plazara atera zituzten, dozena pieza inguru, eta Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a-k, Joseba Ostolazak eta Izeta II.a-k erakustaldia eskaini zuten haiekin. Txapelketarako, ordea, hiru harri aukeratu dituzte aurten antolatzaileek: 137 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindro zaharra. Lehiakideek hiru minutuko saio bana izango dute harri bakoitzarekin, eta altxaldi gehien lortzen duenak jantziko du txapela. Usadio zaharreko harriak dira erabiliko dituztenak. Harri bereziak, zalantzarik gabe. «Egun erabiltzen ditugunekin konparatuta, ezberdinak dira. Errektangularrak ez du heldulekurik; zilindroak helduleku diferentea du; eta kubikoak ez ditu lau alde berdin», azaldu du Izeta IV.a-k. Hiru harrien artean, errektangularra dela nabarmendu dute hiru jasotzaileek: «Karga handia du, harri motza da eta bizkarrera eramateko konplexua». Bigarrena da faborito Txapelketa jokatzeko gogotsu daude izetarrak. Lan txukuna egiteko itxaropena du hirukoak. Hala ere, aho batez diote nor izango den faborito nagusia. Izeta IV.a-rentzat «aita» eta Izeta III.a-rentzat «anaia». Izeta II.a-k, ordea, nahiago du zuhurtziaz jokatu eta gehiegi ez konfiatu: «Ez zait gustatzen jokatu aurretik irabazletzat jotzea nire burua. Edozer gertatu daiteke, eta aurkari xumeenari ere errespetua zor zaio». Semea ikusten du aurkari zuzena, «estutuko nauenen artean ikusten baitut». Izeta IV.a-rentzat, aitzitik, aitari itzal egitea hitz potoloak iruditzen zaizkio: «Aita aparte dago. Hurrengo postuetarako, berriz, Jesus Mari Urrutia Belioso, osaba eta ni neu ariko gara lehian. Eta beste hiruak –Josetxo Urrutia, Jose Angel Calvo eta Ivan Ugartemendia– maila apalagoan daude». Egun ona badute, Belioso gainetik kendu eta podiuma izetatarren artean banatzeko itxaropena du Izeta III.ak. Horretan saiatuko diren arren, Izeta II.a-k ez du horren argi ikusten: «Hura ongi moldatuko da. Mutriku ingurukoa da, eta nik uste dut harri haiekin gehiago entrenatu dela».