Gazta zati bat erabakitze eskubidearen alde

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 15a

Jon Maia zumaiarrak Gazta zati bat dokumentalaren ekoizpenean buru-belarri lanean jardun du azken hiru urteetan. Erabakitze eskubidearen bueltan, eta egungo eta lehengo egoera politikoa islatze aldera sortutako proiektua da. Gazta metaforatzat hartuta, euskaldunek munduan duten tokia aldarrikatzea du helburu ikus-entzunezkoak. Abenduan estreinatzekoak baziren ere, atzeratu egin dute kaleratzeko epea. Hala ere, azken fasean daudela dio Maiak. Historia zehatzetik orokorrera Nazioen Mundua herri mugimendua izan da proiektuaren bultzatzailea. Nazio guztien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea du helburu taldeak. Herri mugimendua Idiazabalen jaio bazen ere, Goierri osora zabaldu da dagoeneko, eta hainbat talde biltzen du bere baitan; Idiazabalgo herri kirol taldea, Beasaingo dantza taldeak, txalaparta jotzaileak eta trikitilariak, besteak beste. «Politikoki ideia anitzak dituzten pertsonak biltzea eta elkarrekin noraino iritsi zitezkeen probatzea adostu zuten, erabakitze eskubidearen alde», azaldu du Maiak. Jakinarazi duenez, herri kirolen bitartez zabaldu izan dute euren mezua. Gerora, ordea, pauso bat gehiago ematea erabaki zuten mugimenduko parte-hartzaileek. «Euren historiarekin eta erabakitze eskubidearen bueltan dokumental bat egin nahi zutela adierazi ziguten», gogoratu du zumaiarrak. Hala, herri mugimenduak Eskoziara egindako bidaia grabatu zuen Maiak. Herri orok etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatze aldera, Nazioen Munduko kideek Eskoziara bidaiatu zuten. Bertan, herri kirol, euskal dantza, euskal musika eta txalaparta erakustaldiak eskaini zituzten, besteak beste. «Autodeterminazio eskubidearen gaia hantxe fokalizatuta dago Europan, gobernuan dagoen Alderdi Nazionalistak independentzia erreferenduma egitea aginduta baitu. Eskoziako testigantza jaso nahi dugu, eta gurea hara zabaldu», dio herri mugimenduaren blogak. «Haien istorioa grabatzen ari ginela hasi zen egungo prozesu politikoa», gaineratu du Maiak: «Nazioen Munduaren istorioa aitzakitzat hartuta, aro politiko zaharraren amaiera eta aro berriaren hasiera izan daitekeena dokumentalean islatzea aukera ezinhobea zela erabaki genuen; istorio zehatzetik orokorrera». Hala, aldaketa horren protagonistei elkarrizketak egiten hasi ziren, nazioarteko bitartekari Brian Currini eta lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxeri, besteak beste. Horrez gain, gazta metafora gisa hartuta, munduaren eta euskaldunek bertan duten tokia irudikatuko dute dokumentalean: «Gazta izeneko herri txiki bateko herritarrak ekimenean jarri dira, mundua den gazta handi horretan euskaldunok gure zatia izan dezakegun ala ez erakusteko». Gaztaren inguruan sortutako lana da, beraz: «Gaztarekin aritu gara jolasean. Mundua irudikatzen du,eta euskaldunok gazta zati bat gara. Gainera, Idiazabalgo artzain baten istorioan bueltan hasten da dokumentala». Dokumental berritzailea «Dokumental sinpatikoa egiten saiatu gara. Euskal gatazkari tratamendu berritzailea emango diogu, orain artean egin denaren ezberdina. Zerbait alaia, baikorra, koloretsua egin nahi izan dugu. Irudi aldetik ere formatu asko eskainiko ditu», azaldu du. Hala, elkarrizketez eta egungo eta lehengo prozesu politikoa islatzeaz gain, hainbat irudi eta bideo gehituko diote ikus-entzunezkoari. «Munduko txoko guztietara Euskal Herri zati bat eramatea, eta aldi berean, Euskal Herria munduaren zati bat dela aldarrikatzea da irudion asmoa», dio. Ildo horretatik, Idiazabalgo gazta bana banatu diete atzerrira bidaiatu dutenari, bertako paisaian gaztaren argazkia atera dezaten. Propio sortutako musika Ikus-entzunezkoa abenduan estreinatzekoak baziren ere, kaleratze data atzeratu egin dela jakianrazi du zumaiarrak. Hala ere, ekoizpeneko azken fasean daudela gogoratu du: «Muntaketa fasean gaude egun. Hiru urte pasatu ditugu grabatzen, eta irudiak biltzen; ia eduki guztiak baditugu, beraz. Orain azken xehetasunekin gabiltza lanean», adierazi du bertsolariak. Lanerako propio egindako musika izango du dokumentalak, gainera. Xabier Solano musikari hernaniarra arduratuko da horretaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide