Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezohiko egoeran dira Orioko arraunlariak: San Miguel Ligan azken postuan daude. Hori hala, berez KAE1 mailan lehiatu beharko lukete hurrengo urtean. Baina ligari eusteko azken aukera jokoan izango dute larunbatean eta igandean, play-off-etan.
Estropada erabakigarriak izango dira Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituztenak. Badaezpada ere jokatuko dituzte play-off-ak. Izan ere, orain arte San Miguel Ligako azken sailkatua zuzenean KAE1 mailara jaisten zen. Aurten, ordea, Urdaibai auzia medio, jokatu ahal izango dute oriotarrek play-off-etan.
Estropadetan Camargo San Miguel Ligako azken aurreko sailkatuak, Portugalete eta Zierbena, KAE1 mailako lehenengo eta bigarren sailkatuek, eta Chapela eta Cabo Cruz Galiziako traineru ligako bigarren eta hirugarren sailkatuek hartuko dute parte. Izan ere, Amegrove traineruak, Galiziako Ligan lehenengo postuan geratu denak, beste urte batez muzin egin dio play-off-etan parte hartzeari. San Miguel Ligan bost urterako inhabilitatuta dago, eta, beraz, ez dio eragiten lortutako postuak. Orioren parte- hartzea salbuespenekoa izango da, eraz. Lehenengo jardunaldia Bermeon izango da, 18:00etan hasita. Bigarren jardunaldia, berriz, Portugaleten egingo dute, 12:00etatik aurrera. Bi jardunaldietan puntuazio altuena lortzen duenak helduko dio San Miguel Ligari.
Emaitza eta epaiaren gain
San Miguel Ligari eusteko azken aukera izango dute jokoan Orioko arraunlariek, beti ere Urdaibai zigortzen badute. Hala ez bada gertatzen, zuzenean KAE1 mailara jaitsiko da. Une honetan, Urdaibai sailkapenean kontutan hartuta, Orio 12. postuan da, Camargoren atzetik. Urdaibai ligatik kanporatuko balute, oriotarrak hamaikagarren postuan egongo lirateke. Hipotesi horri jarraituz, Camargo San Miguel Ligan geratuko litzateke. Beraz, Oriok play-off-etan lehen edo bigarren egingo balu, mailari eutsiko lioke. Hau da, estropadetan lortutako emaitzekin behin betiko sailkapenean 11. postua lortzen badu bakarrik hartuko dituzte aintzat.
Oriotik autobusak
Aurtengo denboraldian Hondarribian, Pasaian eta Castron izan duten herritarren berotasuna eta animoak izango dituzte Orioko arraunlariek asteburu honetan ere. Izan ere, Orioko Udalak Bermeora eta Portugaletera joateko autobusak jarri ditu.
Herritarrek larunbatean edota igandean animatzera autobusez joateko bost euro ordaindu beharko dute. Bihar iluntzeko zortziak baino lehen eman beharko dute izena, Zaharren Babes Lekuan, Kolon Txikin, Loretxun, Salatxon edo Sarasua tabernan, eta momentuan ordaindu beharko dute bost euro.
Orioko Udalak adierazi du izena ematen duten pertsona kopuruaren arabera behar adina ibilgailu jarriko dituzte eskuragarri. Larunbatean 15:00etan abiatuko da autobusa, eta igandean, berriz, 09:00etan abiatuko da Portugaletera. Bietan ere geltokitik irtengo dira autobusak, eta estropadak amaitzen direnean itzuliko dira herrira.