Zarauzko EAJko bozeramaile Imanol Lasak «biktimismo ariketa» egin izana leporatu dio Bilduri, honek saihesbidearen harira egindako adierazpenak direla-eta: «Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den biktimismo ariketa eginez, Bildu kexu azaldu da saihesbidearen harira. Bederatzi urtetan egin ez dena 90 egunetan egiteko ezin zaiola eskatu esan du. Guk ez dugu halakorik egin, eta sekula ez genuke egingo». Bederatzi urtean EAJk «pilatutako lana» 90 egunean «ez zapuzteko» exijitu diola esan du jeltzaleak, alderdiak ondo baitaki «zenbat kostatu den proiektu horri forma eman eta aurrera egitea».
«Atzerapenarekin edo ez, tramite eta txosten guztiak eginda zeuden, proiektu bideragarria genuen esku artean, eta garrantzitsuena, 28 milioi euroko aurrekontua zegoen ezarrita Zarautzentzat funtsezkoa den obra hau egiteko», nabarmendu du Lasak.
Ildo horretatik, azken pausoa ematea baino ez zela falta adierazi du: lanak esleitzea, alegia. «Tamalez, duela gutxi Bilduk azpiegitura hau geldiaraziko duela jakinarazi du, eta saihesbidea osorik berraztertzeko asmoa azaldu du», gogoratu du Lasak. Horregatik, «gakoa borondate politikoa edukitzea» dela iritzi dio, eta «saihesbidea aurrera ez eramatearen ardura Bildurena» dela dio, «ez beste inorena».
Espero zutena
Koalizioaren erantzuna «espero» zutela adierazi du EAJko bozeramaileak, eta bere alderdiak hartutako erabakiaren aurrean Bildu «besoak gurutzatuta» geldituko dela dio: «Beharrezkoa izan da alderdi jeltzaleak saihesbidea publikoki defendatzea, Bilduk bere jarrera argi uzteko eta agerian gelditzeko».
Bilduk saihesbidearen aurrean zuen jarrera «orain arte» azaldu ez izana ere leporatu dio Lasak, eta «gobernu egitasmorik ez izatearen» ondorioak direla adierazi du: «Zerbait esan behar, eta autobideari hirugarren erraila gehitzeko ideia bota dute, xehetasun, ikerketa eta oinarri sendorik gabe, ez teknikoki, ez ekonomikoki».
Alternatiba «serio bakarra»
Egun N-634 errepidea Zarauztik igarotzeak dakartzan ondorioak konpontzeko alternatiba «serio bakarra» dagoela adierazi du Imanol Lasak: saihesbidea. «Errealitate bihurtzeko zorian zegoen alternatiba, bidenabar», nabarmendu du.
EAJren arabera, «oso proiektu garrantzitsua» da: «Zarauzko bizi kalitateari eta mugikortasunari begira, eta baita ekonomikoki ere, herrian aurreikusten diren industriaguneei zerbitzua emateko beharrezkoa da saihesbidea». Gainerakoa «gauzak nahastea» dela dio Lasak. Gaiaz eztabaidatzeko ez-ohiko bilkura deitzeko eskatu zion EAJk Udal Gobernuari: «Saihesbidea sartuko dugu Batzar Nagusietako aurrekontuen negoziazioan».
EAJri «hormigoiaren kulturan ainguratuta egotea leporatzean» Bildu «errazkerian» erori dela ere esan du: «Horrek ez gaitu gure bidetik aldenduko. Herrian definituta dauden proiektu estrategikoak aurrera eramateko lanean jarraituko dugu, konbentzituta baikaude krisi garaietan gastu soziala eta inbertsioa direla baztertu ezin daitezkeen bi euskarriak».