Larunbatean abiatuko dute Mugikortasun Astea

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 14a

Ohi bezala, Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du aurten ere. Hala, larunbaterako, iganderako eta datorren ostegunerako hainbat ekitaldi antolatu du: «Mugikortasun iraunkorrago baten alde apustu egitea eta sentsibilizazioa bultzatzea da aurtengo helburua», nabarmendu du Agenda 21 eta Herri Segurtasuneko zinegotzi Jabier Etxaburuk. Hori dela-eta, Mugitu irudimenez eta hobeto bizi izango da aurtengo Mugikortasun Astearen leloa. Zarauzko Zikloturista Elkarteak, Udalak eta Agenda 21ek XIII. Txirrindulari Txikien Eguna antolatu dute etzirako. Lizardi Institututik irtengo dira parte-hartzaileak 10:00etan, eta Igerain Plazan amaituko dute ibilbidea. Euria egingo balu, ordea, Gaztelekua izango litzateke helmuga. 5-14 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte bertan, bi mailatan banatuta: 5-8 urte bitartekoek ibilbide motza egingo dute; 9-14 urte bitartekoek, berriz, luzea. Proba ez dela lasterketa izango gogoratu dute, eta amaieran parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie. Era berean, elastiko bana emango diote parte-hartzaile bakoitzari, eta bi mendiko bizikleta zozkatuko dituzte denen artean. Proban parte hartu ahal izateko kaskoa janztea beharrezkoa dela nabarmendu dute. Igandean, berriz, gurpildun tresnen azoka egingo dute goiz partean Lege Zaharren Enparantzan. Herritarrek bi aukera izango dituzte euren produktuak saltzeko: euren postua jartzea, ala gordailu postuan uztea. Guztira 18 postu ezarriko dituzte, eta herritarrek izena eman beharko dute horietako bat eskuratu ahal izateko. Horretarako, zarautz@emaus.com helbidera [...]

Ohi bezala, Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du aurten ere. Hala, larunbaterako, iganderako eta datorren ostegunerako hainbat ekitaldi antolatu du: «Mugikortasun iraunkorrago baten alde apustu egitea eta sentsibilizazioa bultzatzea da aurtengo helburua», nabarmendu du Agenda 21 eta Herri Segurtasuneko zinegotzi Jabier Etxaburuk. Hori dela-eta, Mugitu irudimenez eta hobeto bizi izango da aurtengo Mugikortasun Astearen leloa.
Zarauzko Zikloturista Elkarteak, Udalak eta Agenda 21ek XIII. Txirrindulari Txikien Eguna antolatu dute etzirako. Lizardi Institututik irtengo dira parte-hartzaileak 10:00etan, eta Igerain Plazan amaituko dute ibilbidea. Euria egingo balu, ordea, Gaztelekua izango litzateke helmuga.
5-14 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte bertan, bi mailatan banatuta: 5-8 urte bitartekoek ibilbide motza egingo dute; 9-14 urte bitartekoek, berriz, luzea. Proba ez dela lasterketa izango gogoratu dute, eta amaieran parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie. Era berean, elastiko bana emango diote parte-hartzaile bakoitzari, eta bi mendiko bizikleta zozkatuko dituzte denen artean. Proban parte hartu ahal izateko kaskoa janztea beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Igandean, berriz, gurpildun tresnen azoka egingo dute goiz partean Lege Zaharren Enparantzan. Herritarrek bi aukera izango dituzte euren produktuak saltzeko: euren postua jartzea, ala gordailu postuan uztea. Guztira 18 postu ezarriko dituzte, eta herritarrek izena eman beharko dute horietako bat eskuratu ahal izateko. Horretarako, zarautz@emaus.com helbidera mezua bidali beharko da, edo 943-367534 telefonora deitu, ostirala baino lehen. Gordailu postuari dagokionez, edonork utzi ahalko ditu gurpildun tresnak bertan, aurrez izena emanda nahiz azoka ireki aurretik bertara agertuta. «Aurrez tresnaren salneurria zehaztu beharko dute, eta zaindariak izango dira tresna horiek saltzeaz arduratuko direnak», azaldu du Emauseko Hizkuntza teknikari Manu Mendezek. Erosleen artean publizitate banderolekin osatutako bi orga zozkatuko dituzte.
Azokan «jai giroa» izango dela nabarmendu du Mendezek, eta bizikletak konpontzeko tailerra ere egongo dela. Euria eginez gero, Merkatu plazan izango da azoka.
Garraio publikoa bultzatuz
Hilaren 22an, osteguna, Nire Autorik Gabeko Eguna ospatuko da Europa osoan, baita Zarautzen ere. «Gure hiriko klima hobetzeko mugikortasun iraunkorra eragin behar dugu», dio Etxaburuk. Garraiobide publikoa, oinezkoak eta zikloturistak bultzatu beharra dagoela nabarmendu du. Horregatik, ostegunean bertan autobus zerbitzuak doakoak izango dira. Bide heziketarako zirkuitua ere ezarriko dute Lege Zaharren Enparantzan. 6-12 urte bitarteko haurrek hartu ahal izango dute parte bertan.
Era berean, iaz Zeelanda Berrian zehar bizikletan bidaiatu zuten Rosa Lizasok eta Mikel Bringasek hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan Etxezabalako aretoan. Bertan, hiru hilabetean zehar bizitakoa kontatuko dute, ikus-entzunezko baten laguntzarekin. Horrez gain, astean zehar Eskolarako bide seguruak oinez eta bizikletaz garatuko dute, ikastetxeekin elkarlanean. Informazio osoa udalaren webgunean (www.zarautz.org) dago ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide