Martin Etxeberriak (Zarautz, 1974) barruko korapiloen inguruko lana kaleratu berri du. Haren arabera, neurri batean, bere barrua askatzen lagundu dio. «Korapilo horiek guztiak barrutik atera eta gauza jakin batzuk amaitu behar nituela sentitu nuen». Kontu horien heriotzak ditu hizpide zarauztarrak. Bere lan intimoena da.
Zakurraren poema eta beste hezurrak da zure azken lanaren izenburua. Zer irudikatzen du zakurrak? Eta hezurrek?
Maila handi batean, liburuak heriotzaz hitz egiten du. Lehenbiziko poema Zakurraren poema da, eta gainontzeko poemen ardatza da, nolabait poema bilduma horrekin esan nahi dudana islatzen baitu. Denboraldi luze samar batean nahiko gaizki pasatu nuen, eta korapilo asko nituen barruan. Kontu batzuei buelta asko ematen jardun nuen. Une batean hori guztia barrutik atera beharra neukala sentitu nuen, gauza jakin batzuk amaitu behar nituela. Buruan nituen auzi horien heriotzaz ari naiz, beraz, liburuan. Heriotza ihes gisa ulertuta, gogo handia baineukan dena pikutara bidaltzeko. Hortik dator zakurraren irudia. Sinbolo egokia iruditu zitzaidan bi ideia ongi uztartzen dituelako: batetik, baztertuta dagoen norbaiten irudia islatzen duelako; eta bestetik, zakurra, mitologikoki heriotzaren sinboloetako bat delako.
Bestalde, Zakurraren poeman aipatzen ditut hezurrak. Neure hezurrak puskatuz bitartean diot bertan. Horiek gerra irudikatzen dute, baina nire buruaren kontrako gerra, gerra on gehienak hala izaten baitira.
Barrua askatzen lagundu dizun lana al da ?
Nik normalean hala ulertzen ditut poema liburuak. Aurreko bi liburuak ere pertsonalak zirela iruditzen zait, baina hau are gehiago da. Barrua askatzeko balio izan dit, bai. Liburu hau idatzi beharra sentitu nuen, baina asko kostatu zait; izan ere, barruko beldurrei eta korapiloei heltzea zaila izaten da.
Ispilu gisako bat da niretzat; lagundu egin dit barrua askatzen. Hala ere, liburu batekin ez dira korapilo guztiak askatzen.
Zure lanik intimoena dela esan al daiteke?
Maila batean, bai. Bigarren poema liburua maitasunaren inguruko lana zen; intimoa, noski. Baina normalean errazagoa da maitasunaz idaztea. Zakurraren poema eta beste hezurrak idatzi ahal izateko ahalegin handia egin behar izan dut.
Hiru atal ditu liburuak: Gaizki ebakitako euli bizarra, Tximeleta zatarrak eta Hitzaren ametsaren zain. Zergatik egituratu duzu hala?
Lehenengo poematik, Zakurraren poema-tik, hartutako esaldi bana dira. Poema liburua progresiboa da, atalez atal. Ilunagotik ez hain ilunera doa, nahiz eta amaieran ere poema tristeak azaldu. Gaizki ebakitako euli bizarra eta Tximeleta zatarrak ataletan nire barruko korapilo asko islatu ditut. Lehenengoak gauza konkretuei baino ezinegonari egiten dio erreferentzia. Bigarren atalean, berriz, nire barruko korapiloak islatzen ditut, baina era gordinago batean.
Hitzaren ametsen zain atalean buelta eman nahi izan diot aurreko guztiari. Esan bezala, nire buruan nituen kontu batzuk bukatu nahi nituen. Bukatu-bukatu ez dira egiten, zoritxarrez, baina onartu egin behar dira. Maila batean esperantzari atetxo txiki bat ireki diot azken atal horretan.
Azken atal hori Jon Benito idazle zarauztarraren poema batek zabaltzen du.
Asko gustatu zitzaidan Bulkada bere azken lana. Benitok bere buruari errepasoa ematen dio bertan. Biok Azken Portukoak gara, gainera, eta idazten dituen
zenbait gauza ere nik sina nitzakeen. Identifikatuta sentitu naiz poema askotan, eta horregatik egin nahi izan diot tartetxoa nire lanean.
Aldaketarik egon al da lehenengo bi lanetatik azken honetara?
Nik uste lehenengo biak, Katiluaren ipurdia eta Bizikleta bat egingo nuke zure izenarekin, nahiko antzekoak direla. Lehenengo laneko poemak narratiboak dira, ukitu naifa dute. Positiboagoak dira, finean. Bigarrengoak, berriz, poema ilunagoak biltzen ditu, baina estilo eta tonu aldetik antzekoa da aurrearekiko. Zakurraren poema eta beste hezurrak da agian besteengandik desberdina. Tonu zein tematika aldetik, oso bestelakoa da azken poema liburua. Idazteko estiloari dagokionez, poema batzuk narratiboak izan arren, mamitsuagoak dira. Ez dira hain irakurterrazak.Ez da estiloa aldatzea erabaki dudalako; gaiak eraman nau horretara.
Zure lanak hausnartzera bultzatzen du irakurlea, beraz.
Hala espero dut, bai. Aurreko biak irakurtzeko errazagoak dira, atseginagoak. Kaleratu berri dudan lanak, berriz, denbora eskatzen du; irakurketa pausatuagoa, alegia. Tantaka irakurtzeko poemak dira. Edonork irakur ditzake; izan ere, hemen islatzen ditudan kezkak eta beldurrak edozeinek senti ditzake. Identifikatuta senti daiteke, inor ez baitako denbora guztian pozik.
1999an kaleratu zenuen zure lehenengo poesia liburua. Bigarrena, berriz, 2005ean. Sei urtetik behin argitaratzen duzu poesia.
Hala dirudi, bai. Baina ez da nahita egindako zerbait. Denbora behar da poesia idazteko. Poema asko lehendik idatzita nituen,
eta aukeratu egin behar izan dut liburua osatzeko. Tartean beste proiektu batzutan murgilduta egon naiz. Hala ere, poesia ez dut inoiz alde batera utzi; tantaka idazten dut. Poesia idaztea, nahi dudan zerbait baino, behar dudan zerbait da zer.
2010ean definitu nuen etxean nituen poema horiekin guztiekinzer egin nahi nuen, eta azerelagailuari eman nion.
Prosari dagokionez, anaia Xabier izaten duzu bidelagun. Poesia, berriz, bakarka idazten duzu.
Xabier ere poesia zalea da, baina oraingoz ez du pauso hori eman. Narratiboagoa dela uste dut. Nork bere proiektuekin amaitzen duenean, elkarrekin beste bat abiaraziko dugu. Baditugu buruan pare bat ideia, eta orain horiek nola garatu pentsatu behar dugu. Anaiarekin idaztea gustatzen zait, ongi pasatzen dut, ez baita hain kontu iluna eta tristesa. Horregatik ohitura hori mantenduko dugu, proiektu pertsonalekin tartekatuz.