San Migel liga amaitzera doa eta Mirotzaren etorkizuna aurrerago erabakiko bada ere larunbatean eta igandean play off estropadak jokatuko ditu Orioko traineruak Bermeon eta Portugaleten. Lehen bi sailkatuen artean gelditzea da azken aukera eta herriko traineruaren etorkizuna jokoan den hobetan Orioko Udalak autobusak antolatu ditu Bermeora eta Portugaletera joateko.
Hondarribian,
Pasaian eta Castron bezala arraunlariek herritarren babesa izango dute
asteburuko bi estropadetan. Beñat Solaberrieta alkateak herritarrei zera esan die: Ez dira gure
traineruaren garai onenak. Estropalariekin egon behar dugu herritarrok. Bestalde, Bixente
Lasa kiroletako batzordeburuak gaineratu du Castron momentu hunkigarriak
bizi izan zituztela eta puntu batez ez genuen azken bigarren postua lortu. Gorago
egon gaitezkeela erakusten saiatu behar dugu.
Larunbatean Bermeora edo igandean Portugaletera joan nahi duenak bost eurotan egin ahal izango du joan-etorria autobusez. Animatzen den jende kopuruaren arabera, behar adina autobus jarriko ditu Udalak. Batera edo bestera joateko ostiral iluntzeko zortziak baino lehen eman behar da izena Zaharren Babes Lekua, Kolon Txiki, Loretxu, Salatxo edo Sarasua tabernatan. Izena ematerakoan ordaindu behar dira bost euro.
Autobusak autobus
geltokitik arratsaldeko hiruretan aterako dira larunbatean eta igandean goizeko bederatzietan eta estropada amaitu bezain laster itzuliko dira
Oriora.