N olakoa liteke pertsona heterosexual baten bizitza homosexualak nagusi diren gizartean? Aurreiritziak eta bazterketa jasango al luke? Armairutik ateratzeko zailtasunak izango al lituzke? Galdera horiei erantzuten die hetERO film laburrak. Zarauzko Sorginak Emakume Gazte Asanbladak osatu du, «sorgin guztien gozamenerako». Zazpi minutu pasako ikus-entzunezkoa da eta dagoeneko www.youtube .com atarian dago ikusgai.
Benetako amets batean oinarritutako istorioa da hetERO. «Lagun lesbiana batek mutil batekin amets erotiko bat izan zuela kontatu zigun, kezkatuta», azaldu du film laburraren gidoilari Samara Veltek. Amets horri bueltak ematen hasi zen orduan lagun taldea: «Nolakoa liteke gizartea egungoaren alderantzizkoa izango balitz, eta halako erreakzioak benetan kezkagarriak balira?».
Sorginak Emakume Asanbladak aurten 35 urte bete ditu, eta horren aitzakian, zerbait berezia egin beharra zegoela erabaki zuten. Hori dela eta, istorio «xelebre» hori irudikatzea otu zitzaien.
Gau bateko «hankasartzea»
Filmean, Ane Miren Perurekin oheratzen da, parranda batean. Hurrengo egunean protagonista kezkatuta dago, eta lagunek
arraro somatzen dute. Zer duen galdezka hasten zaizkio eta
Ane Mirenek azkenean aitortu egiten du pasa den gauean
gertatutakoa. «Uste dut mutilak gustatzen zaizkidala», dio Ane Mirenek. Lagunak, harrituta, «normala» dela erantzuten diote, hura lasaitze aldera. Ane Mirenen kezkak ez dira baretzen, ordea.
Laster zabaltzen da berria lagunartean, eta protagonista deseroso sentitzen da: «Neu al naiz mutilak gustatzen zaizkion pertsona bakarra?». Puntu horretan hasten da protagonista heterosexualen eskubideen aldeko borrokan lehen urratsak ematen, Peru lagun duela.
Puntu kritikoa duen arren, «norbere gozamenerako» sortutako lana dela dio Veltek: «Aldarrikatzailea baino, zerbait ganberroa egin nahi genuen». Gidoia idaztera animatu zen, orduan, zarauztarra. Gerora, jendea elkartzen hasi zen aktore lanak egiteko.
Danel Santxezen laguntza
Danel Santxez zarauztarraren laguntza izan du lagun taldeak, gainera, grabatzerakoan. «Danel laguntzeko prest agertu zenean erabaki genuen proiektua martxan jartzea. Haren laguntza eskertzekoa izan da, asko kontrolatzen baitu grabazio mundua», azaldu du. Hala, egun bakar batean grabatu zuten guztia. «Hasieran pentsatzen genuena baino mila aldiz hobea izan da emaitza», nabarmendu du gidoilari zarauztarrak.
hetEROk «espero baino zabalkunde handiagoa» izan duela
dio Veltek. «Egiako festetako film labur lehiaketara aurkezteko esan digute eta zenbait hedabidetan zintzilikatu dute dagoeneko», dio. Hala ere, «gozamenerako» sortutako lana dela nabarmendu du.
