Lopez eta Goikoetxea nagusitu dira Zesta Puntako Munduko Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 12a

Zumaiarrak ziren faborito XV. Zesta Puntako Profesionalen Munduko Txapelketan, eta aurreikuspen guztiak bete dituzte Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxeak osatutako bikoteek. Joan zen astean hasi zuten Hossegorren (Frantzia) txapelketa jokalariek, eta partida guztiak irabazita, txapela lortu zuten joan zen larunbatean jokatu zuten finalean. Lopezen esanetan, «erraz» hasi zuten txapelketa zumaiarrek, baina final erditik aurrera txapelkta «gogortzen» joan zitzaiela aitortu du jokalariak. Joan zen larunbatean, hilak 10, jokatu zuten finalean bazen beste zumaiarrik kantxan, Gotzon Enbil izan baitzuten arerio Lopezek eta Goikoetxeak. Enbilek Mikel Egiguren Egiguren II izan zuen bikotekide, eta horiek uste baino zailagoa jarri zieten irabazleei. Bi bikoteek txapelketa Espainiako selekzioarekin jokatu zuten; munduko txapeldunek lehenenego manga justu justu irabazi zuten, 15-14 hain zuzen ere. Lau jokalariek maila handia erakutsi zuten partida osoan, eta erritmo bizia izan zuten guztiek. Partida amaierara arte ez zegoen ezer erabakita, zenbait momentutan Egiguren eta Enbil nagusitu baitziren. «Orain arte jolastu dudan partidarik gogorrenetakoa izan zen finala. Aurkariek maila handia dutela erakutsi dute; pentsatzen genuen gogorra izango genuela, baina ez genuen uste hain zaila izango genuenik», aitortu du Lopezek. Bi bikoteen arteko norgehiagoka gogorra zela-eta, tandak ordubete inguru iraun zuen, eta azken tantoak «gakoa» izan zirela adierazi du zumaiarrak, «fisikoki» asko eragin baitzien. Bigarren tanda, berriz, errazago irabazi zuten Lopez eta Goikoetxeak. Hasieratik irabazten hasi ziren, eta partida erdira 9-3 iritsi ziren. Hala, pixkanaka zumaiarrak nagusitu ziren, tanda 15-9 amaitu zuten arte. Munduko Zesta Puntako txapelketa irabazteaz gain, pilotari onenaren saria jaso zuen Lopezek; «Jokalari onenaren saria eskuratzeko hautagaien artean munduko zazpi jokalari onenetakoak ziren. Horien artean ni aukeratzea oso pozgarria da». Goikoetxea eta Lopez Euskal Herrian eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan aritzen dira zesta puntan. Hainbat sari irabazi dituzte azken urteetan, eta kantxzan elkarrekin ongi konpontzen direla erakutsi dute beste behin ere. Azken denboraldian, Citrus eta AEBetako denboraldi amaierako txapelketa nagusiak irabazi dituzte, esate baterako. «Goikoetxea eta ni elkar ongi ezagutzen gara, eta halaxe moldatzen gara. Gainera, kalean ere lagunak gara, eta horrek txantxan jokatzerako orduan asko laguntzen du», dio Munduko txapeldunak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide