«Gerra polita izango da»

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 8a

Urdaibai iazko titulua berrestear da igande honetan. Aurreko igandean 33 segundotako «altxorra» lortu eta gero, bigarren aldiz irabaz lezake Kontxako Bandera preziatua. Bizkaiko traineruan aritu ziren Gorka Aranberri eta Bersaitz Azkue zarauztarrak, patroia eta arraunlaria, hurrenez hurren, pasa den igandean, eta hala arituko dira bigarren tanda erabakigarrian ere. Donostiako badian «gerra polita» izango dela aurreratu du patroiak, abantaila handia badute ere, oraindik ez baitago «ezer erabakita». «Kanpotik segurutzat jotzen dute irabaziko duguna, baina ezusteko asko egon daiteke», dio Aranberrik. Aurreko igandean bezala, eguraldiak eta itsasoaren egoerak «erabat baldintza» litzake traineruen emaitzak, eta Kaiku eta Urdaibairen arteko «borroka» ikusi ahal izango dela adierazi du: «Irteera gogorra egiten saiatuko dira, baina horri eusten ahaleginduko gara gu». Urdaibaik bandera irabaziz gero, Aranberriren «txikitako ametsa» beteko litzateke. Azkuek iaz bete zuen amets hori Urdaibairekin, Kontxako Bandera irabaztea «saririk handiena» baita. Azkuek, bere aldetik, ia segurutzat jotzen du garaipena, ez duelako uste inork hogeita hamairu segundotako aldea gaindituko duenik. Urdaibaik iaz Kontxako Bandera irabazteaz gain, San Miguel Ligako txapeldun izan zen. Aurten, denboraldi «gorabeheratsua» izan dela diote. Traineruetan lehenengo bandera irabazi bazuten ere, ondoren hainbat arazo izan zituzten. «Iaz baino hobeto hasi ginen, eta lehenengo momentuan ligako lehen postuan jarri ginen. Hala ere, Portugaleteko banderan [...]

Urdaibai iazko titulua berrestear da igande honetan. Aurreko igandean 33 segundotako «altxorra» lortu eta gero, bigarren aldiz irabaz lezake Kontxako Bandera preziatua. Bizkaiko traineruan aritu ziren Gorka Aranberri eta Bersaitz Azkue zarauztarrak, patroia eta arraunlaria, hurrenez hurren, pasa den igandean, eta hala arituko dira bigarren tanda erabakigarrian ere.
Donostiako badian «gerra polita» izango dela aurreratu du patroiak, abantaila handia badute ere, oraindik ez baitago «ezer erabakita». «Kanpotik segurutzat jotzen dute irabaziko duguna, baina ezusteko asko egon daiteke», dio Aranberrik. Aurreko igandean bezala, eguraldiak eta itsasoaren egoerak «erabat baldintza» litzake traineruen emaitzak, eta Kaiku eta Urdaibairen arteko «borroka» ikusi ahal izango dela adierazi du: «Irteera gogorra egiten saiatuko dira, baina horri eusten ahaleginduko gara gu».
Urdaibaik bandera irabaziz gero, Aranberriren «txikitako ametsa» beteko litzateke. Azkuek iaz bete zuen amets hori Urdaibairekin, Kontxako Bandera irabaztea «saririk handiena» baita. Azkuek, bere aldetik, ia segurutzat jotzen du garaipena, ez duelako uste inork hogeita hamairu segundotako aldea gaindituko duenik.

Urdaibaik iaz Kontxako Bandera irabazteaz gain, San Miguel Ligako txapeldun izan zen. Aurten, denboraldi «gorabeheratsua» izan dela diote. Traineruetan lehenengo bandera irabazi bazuten ere, ondoren hainbat arazo izan zituzten. «Iaz baino hobeto hasi ginen, eta lehenengo momentuan ligako lehen postuan jarri ginen. Hala ere, Portugaleteko banderan istripu handia izan genuen, ziabogatik irteterakoan arrauna jo baikenien, eta momentuan deskalifikatu gintuzten».
Ondoren, Euskadiko txapelketa irabazi bazuten, ere, Espainiakoan Kaikuk aldea atera zien, eta hori arraunlarientzat «kolpe gogorra» izan zela adierazi du patroiak.
Hala ere, denboraldiko azken banderetan emaitza onak izan dituzte, eta Kontxako Banderako lehian «animoak goian» dituztela iritsi dira Zarauzko arraunlaria eta patroia.
Horiez gain, beste hainbat burukomin ere izan dituzte arraunlariek, Urdaibai auzia dela-eta. Iaz, ustez taldeak «legez kanpoko produktuak» erosi zituela-eta, epaiaren zain dira oraindik. Azkuek nabarmendu du arraunlariak ez daudela auziperatuta, eta giro «lasaia» dagoela taldean. Izan ere, arraunlariaren ustez,
ez dago «froga aski», eta auzia «bere horretan» geratuko da. Halaber, taldea auziari aurre egiteko «batuta» dagoela nabarmendu du.
Bi zarauztarren ustez, denboraldian zehar hainbat hedabidek kaleratutako informazioak «min handia» egin die: «Denboraldian zehar, asteburuaren aurretik Urdaibaren aurkako informazioa argitaratu izan dute, asmo txarrez, taldea ezegonkortzeko helburuarekin».
Dena den, irrikaz dira biak igandea iristeko. Bermeon ez ezik, Zarauzko kaleetan ere babes eta animo adierazpenak jasotzen ari direla adierazi dute, eta berotasun horrekin itsasoratuko dira Donostian.
Zarauztik Bermeora
Aranberri eta Azkue Zarauzko taldean hasi ziren arraunean, gaztetxoak zirela. Biek ere «besterik gabe» hasi zirela diote, hainbat lagunekin batera. Pixkanaka gustatu eta aurrera jarraitzea erabaki zuten, gaur arte. Azkue iaz hasi zen Urdaibain, eta Aranberrik lehenengo urtea izan du Bizkaiko taldean.
Zarauzko egoerari dagokionez, berriz, bat datoz bi arraunlariak; haien ustez hainbat faktorek eragin zuten iaz Enbata trainerua San Miguel Ligatik KAE1 mailara jaistea: «Azken urteetan Joxe Ramon Mendizabal Mendi izan genuen entrenatzaile, eta orduan arraunlari beteranoak zeuden. Ondoren, ordea, 15 arraunlari inguru joan egin ziren, baita entrenatzailea ere. Horien ordez arrobiko arraunlariak hasi ziren traineruan. Baldintza horiek kontutan hartuta, normala da mailaz jaistea», dio Aranberrik.
Hala, maila berreskuratzeko «denbora eta lana» beharko
dutela adierazi dute bi arraunlariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide