Azpeitiko Arauntza baserriko Angel Alberdi eta Atanasi Gesalaga senar-emazteek artzaintzan egindako lanagatik omenaldia jaso zuten joan den igandean, Gipuzkoako XXII. Artzain Egunean, Legazpin. Eguna ondo pasa zutela dio Alberdik, baina emaztea omenaldiak izan duen oihartzunarekin «nekatzen» hasita dagoela dio. Azpeitiko astearteroko azokatik etxerako bueltan direla izan dira Hitzarekin. «Jendea esan eta esan ari zaiola, eta kontu honekin nekatzen hasita dago emaztea», dio
senarrak. Urte luzeetan egindako lana aitortu zieten igandean. «Beti jardun izan dugu ganaduarekin lanean, eta oraindik ere
halaxe segitzen dugu», dio Angelek.
Alberdi bera Arauntza baserrikoa da, eta 81 urte ditu. Gesalagak, berriz, 77 urte ditu, eta sortzez Aizarnako (Zestoa) Ezkurru baserrikoa da. «Aizarnan gorenen dagoen etxekoa», dio. Bost seme-alaba izan dituzte: bi seme eta hiru alaba. Senar-emazteak, biak, artzain jatorrikoak dira. «Bai nire eta baita emaztearen aldekoak ere artzainak izan dira», dio.
Legazpiko Artzain Eguna ondo ezagutzen du Angelek: «Askotan joan izan gara bertara, batik bat azken urteotan».
Arauntzan artzaintzatik bizi ziren, eta Angelek haurra zenetik ardiekin jardun du lanean. «Etxean beti izan ditugulako». Ardiak etxe inguruan ibili izan ditu neguan; «hemen eta Arroita Goikoa bitartean», dio baserriaren gaineko Arrobietako tontorra erakutsiz. «Jende askok Arauntza deitzen dio mendiari, baina Arauntza hau da», dio baserriaz, «mendia Arroita Goikoa da». Txikitan, ordea, ardiak Izarraitz aldean ere izaten zituztela gogoratzen du Alberdik, «udan batik bat».
200 buruko artaldea
Gaur egun artalde txikia duela dio, 60 burukoa. Gazta egiten ere segitzen du, «baina orain etxerako lain bakarrik». Urteak aurrera eta lana pixka bat uzten joan dela dio. «Lehen ganadu gehiago nuen, baina behin hainbeste urterako lana pixka bat laga egin behar». 200 buruko artaldea izatera ere iritsi zen Alberdi.
Alberdik bere burua artzaintzat baino gehiago ganaduzaletzat du. «Ardiez gain behiak ere beti izan ditut, bai lehen, baita orain ere. Orain ere behi batzuk baditut», azaldu du. Artzaintzan buru-belarri sartu aurretik, beste baserritar batzuekin esne behien kooperatiba batean jardun zuen lanean Alberdik, hamabost urtez.
Ganaduarekin duen lanerako etxekoen laguntza ere izaten du Alberdik. Semeetako bat gertu bizi du, eta baserriko lanetan laguntzen diola dio. «Tailerrean jarduten du lanean, baina orain lana gutxituta du, eta gehiago laguntzen dit».
Soroak eta larreak garbi izateko ganadua beharrezkoa dela dio Alberdik: «Belarra mozteko zerbait behar izaten da, eta lehen ardia zen gehiago eta orain behorra».
Ganaduak irabazi gutxi ematen du Alberdiren ustez. «Lehen eskasa zen, eta gaur egun behin ere baino barregarriagoa da ganaduarekin dagoena. Ganadua beti urria izan da».
Tradizioari segida emanez jardun du artzaintzan Alberdik eta segidarik izango duen, ikustear dagoela dio Arauntza-koak.