Gabriel Medina brasildar gazteak irabazi du aurtengo San Miguel Pro Zarautz surf txapelketa. Igandean jokatu zuen finala, Peterson Crisanto herrikidearen kontra. «Oso gustura nago», adierazi zuen irabazleak saria jaso ostean. «Iaz finalaurreko txandan txapelketatik kanpo geratu nintzen, Heitor Alvesek tarte txikia atera ostean. Aurten, ordea, ongi aritu naiz surfean, eta asko saiatu naiz. Eroso sentitu naiz finalean, baldintzak onak ziren niretzat. Olatuak errazak ez baziren ere, bi on hartuta irabaztea lortu dut».
Medina 15,87 punturekin gailendu zen sei izarreko proban; Crisantok, berriz, 8,07 puntu lortu zituen. «Lehenbiziko aldia dut sei izarreko txapelketa batean, eta bigarren postuan sailkatu izanak asko poztu nau. Era berean, gustura nago Medinaren garaipenarekin. Lan gogorra egin du aurtengo denboraldian».
San Miguel Pro Zarautz surf txapelketa irabazteaz gain, Medinak probako hamar olatu onenetatik bost hartu zituen, eta puntuazio altueneko txandak irabazi zituen.
Finalaurreko lehia
Finalean «eroso» sentitu bazen ere, finalaurreko txandan gogor lehiatu behar izan zuen, Thiago Camarao brasildarrari aurrea hartu ahal izateko. Azken minutuan Medinak 9 puntuko bi olatu hartzea lortu zuen, eta hala irabazi zuen finalerako txartela. «Izugarria izan zen, ez nuen espero», nabarmendu zuen gazteak. Eskualdeko surflariek ez zuten zorte bera izan. Carlos Gomez, Indar Unanue, Alex Iriondo, Roberto Letemendia eta Asier Muniain zarauztarrak lehenengo txandetan kanporatu zituzten.
Aritz Aranburu eta Mario Azurza zarauztarrak eta Imanol Yeregi zumaiarra bigarren txandan lehiatu ziren, baina ez zuten lortu hurrengo txandan jokatu ahal izateko adina puntu. Igor Muniain zarauztarrak lehenengo txandan bigarren sailkatzea lortu zuen, eta bigarren txandan lehiatu zen. Hirugarren egin zuen txanda horretan; txapelketatik kanpo geratu zen hala.
Hodei Collazo zarauztarra izan zen txapelketan gehien iraun zuen eskualdeko surflaria.
Bigarren txandako errondan lehiatu zen, eta lehenenego postuan sailkatu. Hirugarren txandan, ordea, laugarren egin zuen, Glen Hall irlandarraren, Mikael Picon frantsesaren eta Meinaren atzetik.
Larunbatean abiatu zuten proba, bost egunez geldirik egon ostean, baldintza txarrak medio.