Igandeko «lan berdintsua» egiteko asmoa dute zumaiarrek Kontxan

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 5a

Zumaia Kiroljokoa traineruak ezusteko handia eman zuen herenegun Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian. Getaria-Tolosa eta Galizia faborito handien aurrean, zumaiarrak izan ziren azkarrenak. Beraz, momentuz honek du Kontxako Bandera eskuratzeko aukera gehien. Hala ere, hiru traineruek segundo gutxiren aldea dute. Hori hala, zumaiarrek hurrengo igandean lan gogorra egin beharko dute, beste traineruek ere bandera irabazteko aukera bai baitute. Bizkaiako traineruak, berriz, 41 segundotara du Kontxako Bandera. Donostiako lehenengo igandean Zumaiako traineruak pixkanaka hartu zien aurre Getaria-Tolosa eta Galiziari. Zarauzko Enbata traineruarekin lehiatu ziren zumaiarrak, eta ontzia okertuta zutela hasi zuten norgehiagoka. Hala ere, Getaria-Tolosa lau segundotara zutela iritsi ziren ziabogara; Galizia sei segundotara zuten. Pixkanaka aurrea hartu, eta lehenenego postuan amaitu zuen estropada. Zumaiarren artean poza da nagusi, Kike Manterola Zumaiako Kiroljokoak traineruko entrenatzailearen arabera, ez baitzuten uste jardunaldian irabaziko zutenik: «Gure hasierako asmoa hurrengo igandeko estropadetarako aukera izatea zen, eta lortu dugu. Lana ondo eginez gero, estropada irabazteko gauza garela erakutsi dugu». Aurreko igandeko «lan berdintsua» egitera joango dira igandean Donostiara, eta «hasieratik onena emango» dutela aurreratu du Manterolak. Izan ere, Kontxako Bandera lortzea «zaila» dutela aitortu du entrenatzaileak, esperantza baldin badute ere. «Oraindik orain Getaria-Tolosa eta Galizia dira faboritoak, eta haiek ere izugarrizko lana egitera joango dira. Zentzu horretan, zaila dugu bandera irabaztea, aurkari oso onak direlako». «Ezer ez dago erabakita» Galiziak iaz irabazi zuen Kontxako bandera. Getaria-Tolosak, berriz, aurreko hilean Zarautzen jokatu zituzten play-off-etan aurtengo Eusko Tren Ligan buruzagitza lortu zuen. Getariarrek, euren aldetik, igandean «estropada txukuna» egin zutela uste dute, itsasoaren egoerak lana zaildu baldin bazien ere. Bigarren jardunaldian hasieratik lana ondo egitea dutela helburu esan du Mertxe Aizpuruak, Getaria-Tolosako arraunlariak. Hirugarren postuan amaitu zuten igandean, baina bandera etxera eramateko «aukerak» dituztela adierazi du Aizpuruak, aurreko traineruekiko «alde txikia» dutelako: «Ez dugu erraza, baina ezer ez dago erabakita. Aurretik erakutsi izan dugu Zumaia eta Galiziari irabazteko gai garela, orain atera beharrekoa baino alde handiagoarekin, gainera. Kontxako Bandera irabazteko aukerak baditugu, beraz». Aurten, lehenengo aldiz, emakumezko arraunlariek Kontxako Bandera bi asteburutan jokatuko dute. Gizonezkoetan, berriz, ez da eskualdeko trainerurik lehiatuko Donostian. Sailkapena Emakumezkoak Zumaia. 11:07, 10 Galizia. 11:11, 42 Getaria-Tolosa. 11:12,12 Bizkaia. 11:53,04 Orioko trainerua ez da Donostiako estropadan lehiatuko, hogei urtean lehenengo aldiz Orioko traineruak denboraldi txarra egin du aurten, eta igandeko lehia ere horren erakusgarri izan da. Ondorioz, aldaketa nabarmenak izango dituzte oriotarrek. Azken hogei urteetan urtero Donostiako uretan aritu ondoren, ezin izango dute Kontxako Banderarako lehian parte hartu. Traineru horiak ezin izan zuen estroparako sailkatu igandean, zazpigarren postuan geratu baitzen. Orio Kontxako Banderan trainerurik ezagunenetarikoa izan da. Bizkaiko golkoko banderari garrantzitsuena sarrien irabazi duen trainerua da Orio; 31 aldiz eraman dute etxera oriotarrek, hain zuzen ere. Orio eta Getaria, KAE1 mailan San Miguel Liga hasi zenetik azken postuetan aritu izan dira oriotarrak aurten. Egun, azken postuan da, eta dagoeneko ez du lehenengo mailari eusteko behar adina puntu. Ondorioz, hurrengo urtean KAE1 Ligan jokatu beharko du. Hala ere, hilaren 19an eta 21ean, play-off-ak jokatu ahal izango ditu. Orain arte San Miguel Ligako azken sailkatua zuzenean KAE-1 Ligara jaisten zen, baina aurten, Urdaibai auzia dela-eta, badaezpada ere lehiatu ahal izango da. Auziko epaiaren eta play-off-etako emaitzen arabera, San Miguel Ligan jarraitu ahal izango du Oriok, edo ez. Getariak, bere aldetik, denboraldi paregabea egin du, eta, lau urteren ondoren, KAE2tik KAE1 mailara itzultzea lortu du. Pasa den asteburuan play-off-ak jokatu zituzten, eta getariarrek zortzi punturekin amaitu dute denboraldia, lehen postuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide