Getariarrek igandean Donostian «estropada txukuna» egin zutela uste dute, itsasoaren egoerak lana zaildu baldin bazien ere. Bigarren jardunaldian hasieratik lana ondo egitea dutela helburu esan du Mertxe Aizpuruak, Getaria-Tolosako arraunlariak. Hirugarren postuan amaitu zuten igandean, baina bandera etxera eramateko «aukerak» dituztela adierazi du Aizpuruak, aurreko traineruekiko «alde txikia» dutelako: «Ez dugu erraza, baina ezer ez dago erabakita. Aurretik erakutsi izan dugu Zumaia eta Galiziari irabazteko gai garela, orain atera beharrekoa baino alde handiagoarekin, gainera. Kontxako Bandera irabazteko aukerak baditugu, beraz».
Aurten, lehenengo aldiz, emakumezko arraunlariek Kontxako Bandera bi asteburutan jokatuko dute. Gizonezkoetan, berriz, ez da eskualdeko trainerurik lehiatuko Donostian.