Zarauzko PSE-EEk Gipuzkoako Foru Aldundiak sahiesbidearen proiektuarekin aurrera jarrai dezan eskatzeko adierazi dio Udal Gobernuari. Gaur goizean aurkeztu du udal taldeak Aldundiaren erabakiaren aurkako mozioa, datorren osoko bilkuran, edota, ahal izanez gero, ez ohiko batzarrean eztabaidatze aldera.
Hala, bat egin du EAJren eskaerarekin. Alderdiko bozeramaile Imanol Lasak jakinarazi duenez, saihesbidearen proiektua «esleitzeko prest » dago, eta «atzerapen izugarria» izango litzateke «beste behin proiektua geldiaraztea».
Iraila hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko zein Bidasoako sahiesbideen proiektuak geldiaraztea erabaki zuen. Jeltzalearen esanetan, Aldundiak «lehentasunak finkatu» ditu, diru sarrerak gutxitu direla argudiatuz. Hori dela eta, «zarauztarrentzat beharrezko azpiegitura» atzeratzea adostu du Aldundiak.
Zirkulazioa eta zarata
PSE-EEk aurkeztutako mozioan saihesbideak «zarauztarron bizi kalitatea izugarri hobetuko»lukeela nabarmendu du: «Nafarroa etorbidetik Getariarako ibilgailu zirkulazioa desagertu egingo litzateke saihesbidea erakiz gero, eta horrekin batera, zarata-kutsadura ekidingo litzateke».
Horrez gain, mugikortasuna «nabarmen hobetuko» litzatekeela adierazi du alderdiak, «oinezkoentzat espazioak, bidegorriak zein asialdirako guneak sortuz».
Herria zeharkatzen duen hesia
«Ezin dugu ahaztu Zarautz zeharkatzen duen errepidea hesia dela, eta hondartzarekiko eta alde horretan dauden etxebizitzekiko lotura oztopatzen duela. Oztopo hau bereziki udan nabaritzen badugu ere, urte osoan pairatzen dugu traba hori, baita zarata- kutsadura ere», adierazi dute PSE-EEko ordezkariek gaur aurkeztutako idatzian.
Hori dela eta, Aldundiari saihesbidearen egitasmoarekin eta esleipenarekin aurrera jarrai dezan eskatzeko adierazi dio Udal Gobernuari, aurkeztu berri duten mozioaren bidez. Mozioa iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko dute udal taldeek, edota aurrez ez ohiko batzarrean, Udal Gobernuak hala erabakiz gero.
Era berean, Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotzi eta Batzar Nagusietako kideak mugikortasuneko eta bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugarteri agerraldia egin dezan eskatu dio, erabakiaren inguruko xehetasunak jakinarazi ditzan; izan ere, «prentsa bidez» izan du udal taldeak erabakiaren berri. EAJk ere eskaera berbera egin du.
EAJrekin bat
Hala, PSE-EEk bat egin du EAJren eskaerarekin. Lasaren esanetan, egitasmoa bertan behera uztea «oso larria» da: «Sahiesbidea zarauztarrontzat proiektu estrategikoa da». Era berean, EAJk proiektuaren alde egindako lana nabarmendu du: «Pasa den legealdian nahi baino mantsoago egin zuen aurrera egitasmoak, krisi ekonomikoa medio. Legealdia amaitzear zela, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak saihesbidea eraiki ahal izateko 28 milioi euro eman zitzan lortu zuen EAJk». Hori dela eta, izapide administratibo guztiak eginak daudela jakinarazi du: «Obrak esleitzeko puntuan ginen Aldundiaren erabakia jakin genuenean». Lanak aurten hasiko zirela aurreikusi zuten, eta bi urtean amaituko zituztela.
Ildo horretatik, EAJk ez ohiko batzarra deitzeko eskatu dio Udal Gobernuari, gaia eztabaidatze aldera: «Proiektuan atzerapausoak ematea ekidin behar dugu. Horretarako beharrezkoa da udal talde guztiak ados jartzea eta indarrak batzea. Bilduri dagokio presioa egitea, proiektua bertan behera gera ez dadin».