Gogotsu atera ziren Orioko neskak ostiraleko sailkapen estropadan Donostiako portutik eta gogoz egin zuten arraun Kontxako badian, baina ez zuten lortu bandera jokatzeko txartelik, izan ere, seigarren tokian bukatu zuten erlojuaren kontrako sailkapen estropada.
Getaria-Tolosa sailkatu zen lehen tokian 10:29,64ko denborarekin eta honen ondoren, hurrenez hurren, Galicia-Rianxeira, Zumaia-Kirol Jokoa, Bizkaia taldea, Batelerak-Iberdrola, Orio-Babyauto eta Hondarribia-Orsa (11:18,06). Oriori 20 segundoko aldea atera zion lehen sailkatuak lehen ziabogan eta bukaeran, berriz, 36 segundo eta 2 ehunenekoa. Hona hemen sailkapena:
Denbora Aldea
1.- Getaria-Tolosa 10:29,64 --------
2.- Galicia-Rianxeira 10:35,88 0:06,24
3.- Zumaia-Kirol-Jokoa 10:41,70 0:12,06
4.- Bizkaia taldea 10:56,44 0:26,80
5.- Batelerak-Iberdrola 10:58,92 0:29,28
6.- Orio-Babyauto 11:05,66 0:36,02
7.- Hondarribia-Orsa 10:18,06 0:48,42
Igandeko estropadan nesken lau traineru izan ziren arraunean eta aurreikuspenak hautsiz Zumaia sailkatu zen lehen tokian eta honen ondoren Galicia, Getaria-Tolosa eta Bizkaia taldea. Lehenengo eta bigarrenaren artean 4 segundo eta 32 ehuneneko aldea dago eta hauek hirugarrenari 70 ehuneneko baino ez zizkioten atera. Beraz, dena hurrengo igandeko estropadan erabakiko dute.
Gizonezkoetan Urdaibai
Orio sailkapen estropadan kalean geldituta, igandekoa, mutilentzat ere, Kontxako banderako lehen jardunaldia izan zen. Denborei erreparatuta argi ikus daiteke aldea, izan ere, haizea gogortu izanak itsasoaren baldintzak aldatu zituen eta ia erabakita utzi zuen datorren igandean Kontxako bandera zeinena izango den. Mikel Portularrume Paorra aiarraren eta Migel Angel Millares oriotarraren Urdaibaik, Jose Luis Kortaren Kaikurekiko 33 segundoko aldearekin esku-eskura dauka bandera. Datorren igandeko ohorezko txandan ariko dira irailaren 4an lehen txandan aritu ziren traineruak: Urdaibai, Kaiku, Pedreña eta Donostiarra. Gizonezkoen sailkapena:
Denbora Aldea
1.- Urdaibai 21.19 --------
2.- Kaiku 22.03,42 0.33,56
3.- Pedreña 22.24,56 0.54,70
4.- Donostiarra 23:00,46 1.30,60
5.- Astillero 23.51,48 2.21,62
6.- Hondarribia 24.33,60 3.03,74
7.- San Juan 24.34,02 3.04,16
8.- Tiran 24.50,38 3.20,52
Lekeition hirugarren
Irailaren 3an Lekeitioko XXXIII. Ikurrina izan zen jokoan eta han zen Orioko trainerua ere. Joxean eta Aitor Olaskoaga eta Jon Iriondoren Portugaleteko trainerua izan zen irabazle 20 minutu, 23 segundo eta 3 ehuneneko denborarekin; etxeko trainerua, Lekittarra izan zen bigarren 15 segundo eta 89 ehunenekora; eta Orio hirugarren 25 segundo eta 66 ehunenekora. Ondoren, hurrenez hurren sailkatu ziren: Amegrove, Cabo da Cruz, Zumaia, Zarautz, Elantxobe, San Pedro, Hondarribia B eta Chapela.
De Anta Paralinpiar Jokoetara
Bestalde, Orio Arraunketa Elkartean ari den Edorta de Anta tolosarrak 2012an Londresen izango diren Paralinpiar Jokoetarako txartela lortu du Eslovenian jokatutako Munduko Txapelketan. Arraunketa egokituan, bakarkako ontzian aritu zen De Anta eta final erdietarako aukera ozta-ozta lortu ondoren, finalerako txartela ere ehunenekoetan erabaki zen. Finalean, berriz, seigarren tokian sailkatu zen eta finalerakoarekin batera bere helburu nagusia lortu zuen Paralinpiar Jokoetarako txartela. Munduko Txapelketan zehar, Juan Angel Garmendia Xarpas izan du laguntzaile lanetan.