Muga-mugan ibili arren, Orio ez da Kontxan izango

Karkara.eus 2011ko ira. 2a, 12:37

7.a izan zen Pedreñarengandik 4 segundora geratu zen txalupa horia

Beste urteetan baino mugimendu gutxiago nabari zen arratsalde partean Donostiako moilan. Kamiseta hori gutxiago bai, behintzat. Baina 18:00ak gerturatu ahala moila bazterrak eta Aqua...

7.a izan zen Pedreñarengandik 4 segundora geratu zen txalupa horia

Beste urteetan baino mugimendu gutxiago nabari zen arratsalde partean Donostiako moilan. Kamiseta hori gutxiago bai, behintzat. Baina 18:00ak gerturatu ahala moila bazterrak eta Aquariumaren gaineko txokoak horituz joan ziren.

Itxaropena bazen herritarren artean. 14. izan zen Orio irteten eta aurretik Urdaibai izango zuen denborak markatzen.

Aurreko multzoko Amegrove eta Portugaleteren denborak ere kontuan hartzekoak ziruditen hasera batean. Ziaboga eman zuten Amegrovekoek eta 9:32ko denborarekin jendearen lehen marmarra sortu, izugarrizko denbora baitzen. Atzetik joan ziren denek denbora dezente kaskarragoa egin zuten, Urdaibaik 9:29 egin zuen arte. Oriok 9:30 egin zuen, eta atzetik zetozenak ez ziren urruti ibili. Lehen 10ak, onenak, 8 segundoren bueltan ibili ziren ziabogan, Kaiku buru zela.

Barrurakoan lan handiagoa izan zuten arraunlariek, haizea eta korrontea kontra baitzituzten. Amegroveren 19:32 erreferentzia ona izan zen, harik eta Urdaibaik 19:23an kronometroa geratu zuen arte. Oriok 19:34 egin zuen eta oraindik itxaropena izateko motiboak baziren. Baina azkar uxatu ziren, beste txalupak sartzen joan ziren neurrian.

Astillerok irabazi zuen estropada, baina segundo berean Kaiku eta Tiran sartu ziren hurrenez hurren. 19:19 hirurek eginiko denbora, ehunenekoak tarteko. Hondarribia, Urdaibai, San Juan eta Pedreña dira sailkatu ziren beste lauak. 11 segundo lehenengotik zazpigarrenera eta Orio hortxe, 4 segundora, traineru bakarreko aldera.

Play-offean aurkari izango dituen guztiak atzean utzi zituen Joxe Luis Agirreren koadrilak. Camargo 7 segundora, Zierbena 14ra, Portugalete 17ra, Chapela 29ra eta Cabo da Cruz 34ra. Moralez gainezka egoteko arrazoirik ez zaie falta, beraz, oriotarrei hilaren 17 eta 18an jokatuko diren estropadetarako.

Gaur neskak

Gaur, ostirala, irailaren 2a, arratsaldeko 18:00etan jokatuko da nesken Kontxako Banderako sailkapen estropada. 7 ontzik hartuko dute parte, eta tartean Orio izango da. Helburu oso zaila dute eskuartean, baina gogotsu daude estropadarako, nahiz eta 4 baino ez direla sailkatuko jakin.

Igandean izango dira lehen jardunaldiko estropadak. Lehenbizi neskek jokatuko dute 11:30ean eta, atzetik, 12:00etan gizonezkoen txanda izango da. Lehen txandan Urdaibai, Kaiku, Pedreña eta Donostiarrak jokatuko dute. Bigarrena Astillero, Tiran, Hondarribia eta San Juanek.

2 metro inguruko olatuak espero dira eta eguraldiak ez omen du gehiegi lagunduko. Mutiletan ez dira Orioko Arraun Elkartekoak izango, baina oriotarrak eta aiarrak izango dira tostetan, beste traineruetan, banderaren lehian.

Kaikun, entrenatzaile ari da Joxe Luis Korta; Astilleron, Jon Salsamendi; Urdaibain, Mikel Portularrume Paorra eta Miguel Angel Millares arraunean ari dira; Hondarribian, Mikel Orbañanos, Axier era Gorka Puertas anaiak; eta azkenik, San Juanen, azken urteotan Orion bizi den Igor Makazaga.

Neskak ez badira sartze, traineru horirik ez da izango Kontxa estropadetan lehenengo aldiz azken 20 urtetan, baina herritar ugari bai animatzeko, beraz, igandean Kontxan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide