Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaian duen Soldadura Zentroan aurki hasiko du Soldadura eta galdaragintzako ikasturtea. DBHko graduatua lortu ez duten 16-18 urte arteko gazteentzat dira ikasketok eta taldea osatzeko pare bat ikaslerentzako lekua dagoenez, interesa duten herritarrei jakinarazi nahi diete izena emateko aukera dagoela irailaren 15era bitartean.
Ikasketen helburua da ikasketa praktikoaren bidez, ikasleak ofizio edo lanbide baten oinarrizko ezagutzaren jabe egitea eta oinarrizko hezkuntza landuz DBHko graduatua lortzea. Gainera, aukera izango dute ikasleek eskualdeko lantegietan praktikak egiteko, honela lan mundua gertutik ezagutzeko.
Enpresentzako prestakuntza programa
Bestalde, Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresentzako, prestakuntza programa antolatu du, iraila, urria eta azarorako. Programaren helburua da pertsonen gaitasunak hobetzea ahalbidetuko duten prestakuntza behar zehatzak asetu eta Urola Kostako enpresen lehiakortasuna hobetzea.
Horretarako, hiru ziklo antolatu dituzte udazkenerako: Irailean, datuen babeserako araudiari buruzkoa; urrian, enpresetan Informazio eta Komunikazio teknologiak (IKT) erabiltzeko tailerrak; eta azaroan proiektuen kudeaketa eta zuzendaritzaren ingurukoa. Lehenengo ikastaroa irailaren 15ean izango da 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Ikastaroak doakoak dira
Urola Kostako enpresentzat, baina aurrez izena eman behar da. Horretarako edo argibide gehiago jasotzeko honako
helbidera mezu bat bidali: enpresa@urolakosta.org edo telefonoz deitu:
943 89 08 08.