Azken olatu baten bultzadak duen garrantzia

Karkara.eus 2011ko abuztuaren 29a

Baga txiki baten faltan geratu ziren Orioko mutilak Zumaia gainditu ahal izateko

Festa eguna deitu zuen Orioko Udalak larunbatean jokatu ziren estropadetan herriko traineruak animatzera joateko. Goizetik jende asko gurean eta herritar gehienak horiz....

Baga txiki baten faltan geratu ziren Orioko mutilak Zumaia gainditu ahal izateko

Festa eguna deitu zuen Orioko Udalak larunbatean jokatu ziren estropadetan herriko traineruak animatzera joateko. Goizetik jende asko gurean eta herritar gehienak horiz. 16:00etan plazan zen hitzordua olatu horia osatu eta bertatik hondartzaraino kalejiran joateko. Txaranga eta guzti, hainbat eta hainbat herritar joan ziren herritik kofradia berriaren pareraino, lehenik neskak eta ondoren mutilak uretaratzen ikustera estropada hasi aurreko animoak emanaz.

Neskak Orion 2011Neskak izan ziren lehenak jokatzen, Gipuzkoako Ligako azken estropada zuten. Bi luze jokatu ostean, Bizkaia eta Hondarribiaren atzetik geratu ziren hurrenez hurren. Estropada polita egin zuten, baina bukaerako txanpan, ezin izan zioten hondarribiarrei aurrea hartu. Horrela, liga bukatuta, 5. izan dira sailkapenean. Dena den, oraindik estropada batzuk badituzte aurretik.

Nesken bigarren txanda bukatu eta Zumaiarrek bandera jaso ostean, mutilen ordua iritsi zen. Urduritasuna nabarmena zen oriotarren artean. Tentsioa, isiltasuna… Bandera zuria gora eta hasiera emateko prest uretako epailea. Bandera gorria behera eta lehen txanpa martxan jarri zen herritarren guztien biba artean.2011 Tiran txapeldun Orion

Camargok hasieratik estropadaren burua hartu zuen eta, nahiz eta Oriok bi luzez eutsi, bigarren ziabogan denbora asko galdu zuen traineru horiak. Dena den, azken luzean Camargori 10 segundo inguru jatea lortu zuten, haiek olatuak hartu ezinda ibili zirelako. Hala ere, azken olatuaren faltan geratu zen Orio eta, horren ondorioz, azkenak izan ziren, Zumaiak berak aurrea hartu ziolako azken unean. Castrok Camargo aurreratu izanak, ligako sailkapenean berdinduta uzten zituen bi ontziak. Bigarren txanda jokatu eta Tiranen maisutasuna eta momentu gozoa ikusi zen alde batetik eta Camargo eta Orioren artean San Pedro sartu zela bestetik. Puntu bat gehiago kantabriarrentzat.

Ohorezko txanda ere jokatu zen, lehia estua San Juan eta Hondarribiaren artean; bigarrenak nagusi, baina aurreko txandan Tiranek egindako denborarik ez zuten hobetu, eta galiziarrek denboraldiko lehen bandera irabazi zuten. 

Igandeko garraztasuna

Lehia estua estropada hasieratik igandean Castron. Asko zegoen jokoan, ligan azkena izan ala ez. Oriotarrek Camargo gainditu eta tartean beste bat sartzea baino ez zuten behar.

Parez pare joan ziren ia estropada guztian, tarte handiena 4 segundokoa, traineru bakarrekoa, izan zen. Azken txanpa benetan ikusgarria izan zen eta Oriok aurretik sartzea lortu zuen segundo erdiko errentarekin. Tartean beste traineruren bat sartzeko, mirariren bat beharko zen. Beste bi txandak jokatu eta inor ez zen izan tartean. Orio 7. estropadan, denbora ona, baina alferrik.

12. bukatu du aurtengo TKE liga Oriok. Play-offa jokatzeko aukera izango du behintzat Joxe Luis Agirreren koadrilak. Orain artea azken sailkatua zuzenean KAE-1 ligara jaisten zen, baina, aurten, egoera berezia dela eta, badaezpada ere play-offa jokatu behar du Oriok. Irailaren 17 eta 18an, Bermeon eta Portugaleten, berriz ere horiz zipriztindu beharko dira beraz Bizkaiko kostaldeko arrokak.

KAE-1 liga

9. eta 10. izan dira azken estropadetan bigarren taldeko mutilak. Gauzak horrela, horiek ere bukatu dute denboraldia, eta TKE ligako taldea bertan geratzen bada, beste behin, KAE-1 ligan izango da Orioko bigarren txalupa datorren urtean ere. Ligan 10. izan dira, 52 punturekin eta, horren ondorioz, mailari eutsi diote. Baina bigarren taldea direnez, eta elkarte bakoitzak mailako traineru bakarra izan dezakeenez, TKEkoen azken emaitzaren zain geratu dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide