Asteburu beltza Arraun Elkartearentzat

Karkara.eus 2011ko abuztuaren 22a

Lehen taldeko mutilek eta neskek azken postuan bukatu dituzte beren estropadak

Isiltasuna nagusi jendartean, eta jendea isilik dagoenean… gauza onik ez. Horixe da Orion pasatzen ari dena azken egunotan. Aurretik emaitzak ez ziren oso onak eta asteb...

Lehen taldeko mutilek eta neskek azken postuan bukatu dituzte beren estropadak

Isiltasuna nagusi jendartean, eta jendea isilik dagoenean… gauza onik ez. Horixe da Orion pasatzen ari dena azken egunotan. Aurretik emaitzak ez ziren oso onak eta asteburu honetan dena belztu zaie arraunlariei, elkarteko kideei eta zaletuei.

Hondarribian azkena izan zen Orio, azkena eta bere aurkari zuzena zen Camargorengandik ia 14 segundora. Castro eta Zumaia sartu ziren bi traineruen tartean, eta ozta-ozta ez zen San Pedro ere sartu, ehunenekoek pasaiatarrak Camargoren aurretik utzi zuten. Eskerrak. Bi puntu jan zizkion modu horretan txalupa kantabriarrak Oriori. Bandera, Kaikuk eraman zuen, nagusitasunez, eta etxeko trainerua, Orbañanos eta Puertastarren Hondarribia, izan zen bigarrena.

Igandean Pasaian jokatu zen estropada. Erlojuaren aurka 4 txandatan banatuta. Irteeran lehena Camargo, bigarrena berriz Orio. Lehen ziabogatik kantabriarrak 3 segundo aurretik ziren, jendearen zurrumurrua eta isiltasuna atzetik. Zumaia Camargoren denboran zen eta Castrok segundo batean hobetu zuen lehen luzea. Baina kantabriarrak behetik gorako estropada egin zuten eta txandako beste hiru traineruek goitik beherakoa. 

Orio ia Zumaiaren aurretik izan zen, baina segundo eskas bategatik aurretik izan ziren zumaiarrak. Bigarren txandari begira jarrita, lehen luzean Camargoren atzetik izan ziren traineru guztiak. Hirugarren luzera iritsita Tiran eta Astillero oraindik ere haien atzetik ziren, baina Orioren zoritxarrerako, hauetatik bakarrak eman zion buelta eta Camargo 8. sailkatu zen estropadan. Beste 4 puntu jan zizkion. Goiko partean, Urdaibai garaile, bigarren izan zen Kaikuri ia 10 segundo aterata.

Gauzak horrela, puntu bakarreko aldea dute orain Oriok eta Camargok. Bi jardunaldiren faltan zuzenean KAE-1 ligara zein jaitsiko den erabakitzeke geratzen da, eta datorren larunbatean, hilaren 27an, arratsaldeko 18:00etan, Orioko Estropadak jokatuko dira. Hil ala biziko asteburua izango da Mirotzarentzat.

Neskak ere pattal

Atzo, igandea, abuztuaren 21a, nesken traineruak estropada jokatu zuen Hondarribiako uretan. Gipuzkoako ligako azkenaurreko jardunaldia zen, eta neskek emaitza apala lortu zuten.

Azken postuan sailkatu zen traineru horia, baina azkena izateaz gain, azkenaurrekoak 14 segundo atera zizkien oriotarrei. Hauei ere azken jardunaldia geratzen zaie liga bukatzeko, eta Orion jokatuko da datorren larunbatean. Sailkapenean Bizkaiarekin berdinduta daude 4. bukatzeko lehian.

KAE-1 ligan, 9. eta 10. postuetan sailkatu dira asteburu honetan bigarren taldeko mutilak. Oraindik estropada batzuk badituzte jokatzeko eta mailari eusteko helburua betetzekotan direla dirudi, nahiz eta lehen taldeak egiten duenaren arabera azken unean KAE-2ra jaisteko arriskua duten. 10. dira ligan, baina maila txukuna ematen dabiltza aurten izan dituzten zailtasunak kontuan hartuta.

Goiko partean, Aizperroren Portugaletek bitik bi bandera irabazi ditu asteburu honetan, ligako garaipena gero eta gertuago duela. Patxi Frantzesen Zierbena da ligan bigarren, eta hirugarren den Lekittarrari 10 puntuko aldea ateratzen dio, playoffetan egoteko aukera gero eta garbiago dutelarik ezkerraldekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide