Alpeetako 'Trophee des Montagnes' lasterketa ospetsua irabazi du Pedro Etxeberriak

Baleike 2011ko abuztuaren 22a

Pedro Etxeberria eta Zura txakurra erdian, podiuma osatu zuten beste bi bikoteekin helmugaratzen azken etapan. Argazkia: Leire Zearreta

Europako kanikros proba garrantzitsuenetakoa da Trophee des Montagnes. Etapaka jokatzen da (11 etapa bedera...

montagnes
Pedro Etxeberria eta Zura txakurra erdian, podiuma osatu zuten beste bi bikoteekin helmugaratzen azken etapan. Argazkia: Leire Zearreta

Europako kanikros proba garrantzitsuenetakoa da Trophee des Montagnes. Etapaka jokatzen da (11 etapa bederatzi egunetan), Alpetako bost eski estaziotan. Pedro Etxeberriak eta Zura txakurrak lehen etapan eman zuten ezustekoa, eta handik aurrera abantailari eusteko gai izan ziren. Pedrok berak kontatu digunez, "oso esperientzia ikusgarria izan da".

Espainiako txapelketetan bere nagusitasuna erakutsi eta gero, Europa mailako lasterketa batean probatzeko gogoa zuen Pedro Etxeberriak. Ez zuen nolanahiko erronka aukeratu, kontinenteko probarik gogorrenetakoa baita Alpeetan jokatzen den Trophee des Montagnes: 11 etapa bederatzi egunetan –batzuk gauez–, lasterketa gehienak 2.000 metro inguruko altueran, eta desnibel handia. Esate baterako, 4,5 kilometroko etapa batean 640 metroko desnibela gainditu behar izan zuten. "Espainiako probarik gogorrena Alpeetako errazenaren pare jar daiteke", azaldu digu Etxeberriak.

Estreinako parte hartzea zuenez, lehen etapan Etxeberriak ez zuen faboritoen multzoan abiatzeko aukerarik izan, eta horrek bi minutuko atzerapena ekarri zion irteeran. Baina, oztopoak oztopo, Pedro Etxeberria eta Zura ezusteko galanta emateko gai izan ziren, korrikalari guztiak aurreratu eta lehen etapa bi minutu eta erdiko abantailarekin amaitzeko gauza izan baitziren. Handik aurrerako etapetan aldeari eustea izan zen Etxeberriaren estrategia. Atzetik segika, Jean -Philippe Deshayes (2009ko irabazlea) eta Fabrice Michel frantziarrak eta Michal Zenisek txekiarra zituen aurkari arriskutsuenak.

Erlojuaren kontrako probetan denbora galdu zuten arren, jaitsiera luzeetan aldeari eusteko gai izan zela azaldu ditu Etxeberriak, azken egunean sailkapen nagusiko garaipena lortu arte.

Sailkapen nagusia

1 - Pedro Etxeberria eta Zura

2 - Michal Zenisek eta Snura

3 - Fabrice Michel eta Assia

Pedrok eskerrak eman nahi dizkie lagundu dieten guztiei: Petritegi, Canun Sport, Endañeta Zumaia, Veterinaria Basadi, NereSport, Hadimek, Agroturismo Kortazar, MarinaBerri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide