Orioko Udalak, traineruaren egoera zaila dela ikusita, autobusak antolatu ditu asteburu honetan Hondarribian eta Pasaian jokatuko diren estropadetara jendea arraunlariak animatzera joateko. Beñat Solaberrieta alkatearen hitzetan arraunak poz handiak eman izan dizkio Orioko herriari. Baina herritarrok arraunlarien ondoan egon behar dugu gehien behar duten garaian. Emaitzak hobeak edo txarragoak izanagatik, urte osoan egiten duten lana eta ahalegina miresten dugulako, Orioko herria arraunlariekin egongo da.
Pasaiara eta Hondarribira joan nahi duenak 3 eurotan ditu txartelak salgai egun bakoitzerako. Lau autobus osatu arteko lekuak eskainiko ditu Udalak gehienez ere, eta ostiral iluntzeko zortziak baino lehen eman beharko da izena Zaharren Babes Lekuan edo Koasta, Kolon Txiki, Salatxo eta Sarasua tabernatan, momentuan bertan 3 euroak ordainduz.
Hori dela eta, herritarrei ahalik eta azkarren izena emateko eskatu zaie. Hasiera batean lau autobus jarriko ditugu, eta herritarren erantzunaren arabera ikusiko dugu denboraldia amaitu arteko estropadetan gehiago jarri ala ez, adierazi du Solaberrietak.
Hondarribiko estropada larunbat arratsaldean jokatuko da eta autobusak arratsaldeko 16:00etan aterako dira, autobus geltokitik. Igandekoa, bestalde, Pasaian izango da eta goizeko hamarretan abiatuko dira autobusak leku beretik.
Autobusen kostuaren erdia Udalak jarriko du eta beste erdia txartelen salmentaren bidez ordainduko da. Solaberrietaren aburuz Gauzak ondo joan izan direnean, zoragarria izan da udaletxeko balkoian arraunlariak bandera astintzen ikustea. Orain da herritarron garaia eta arraunlarien ondoan egoteko momentua.