Lau jardunaldi baino ez dira geratzen play-offak eta Kontxako bandera jokatu aurretik, eta Oriok ez du bururik altxatzea lortu joan den asteburuan ere.
Larunbatean emaitzek hobera egingo zutenaren esperantza zen nagusi jendartean, baina ezin kaskarragoa izan zen. Azkena izan zen Orio eta aurretik sailkatu zen Zumaiak baino 13 segundo gehiago behar izan zituen estropada bukatzeko.
Igandean, postu bat gora egitea baino ez zuten lortu Mirotzako arraunlariek. Bezperako denbora asko hobetu zuten alde batetik eta, bestetik, aurretik izan zituen San Pedrok baino ehuneneko batzuk gehiago baino ez zituzten behar izan estropada burutzeko. Dena den, emaitza ez zen pozgarria izan.
Gauzak horrela, play-offetako postuak saihestea ia ezinezkoa izango zaio Oriori, Zumaia 12 puntura aurretik dauka-eta. Dena den, azkena ere ez da seguruenik izango, Camargo 8 puntura baitu ontzi oriotarrak.
Datorren estropadak Hondarribia eta Pasaian izango dira eta, behin horiek jokatuta, Orioko banderarekin eta Castrokoarekin Ligako denboraldia amaitutzat emango da.
KAE 1 Liga
KAE 1 Ligako trainerua ere helburua gauzatzeko bidean da eta mailari eutsiko dio, baldin eta lehen traineruak ez badu berea galtzen. Azken bi estropadetan 10. eta 8. sailkatu dira bigarren txalupako mutilak. Portugalete eta Zierbena izango dira, itxura guztien arabera, San Miguel Ligara igotzeko play offa jokatuko duten ontziak eta, beste urtebetez, Santurtzi eta Lekittarra atarian geratuko dira.
Euskotren liga
Orioko neskek denboraldia amaituta bazuten ere, Euskotren ligak azken jardunaldia jokatu zuen Zarauzko banderako bi jardunaldietan. Getaria-Tolosako neskak izan ziren onenak eta, ondorioz, berek izan dira 2011ko denboraldiko irabazleak.
Gauzak horrela, neskei Kontxako bandera baino ez zaie geratzen aurtengo denboraldia amaitzeko.