Patxi Iruretagoiena agurtu dute. Hiletaren ostean, omenaldia egin diote Azken Portuko Komisio guztietako kideek Arrosategi parkean. Txistulariek Azken Portuko abestia jo dute, Habanera, eta bertaratu diren guztiek abestu dute. Jarraian, auzoko bizilagunek eta batzordeetako kideek festetako elastikoak jarri dituzte Iruretagoienaren hilkutxaren gainean. Amaiatzeko, bi suziri bota dituzte, haren omenez.
Festak gauean jarraituko du, Layabouts eta Lauroba taldeen kontzertuekin.
Emozioak eraginda
Festak iragartzen dituen suziria bota baino minutu batzuk lehenago hil zen atzo Iruretagoiena, «emozioak-edo» eraginda. 14 urte zituenetik aritu da auzoaren alde lanean eta urte askoan komisioko kide izan da. 1991etik, gainera, bera izan da txupinazoa botatzearen arduraduna.
