Getariako Udalak amaitu berri diren Salbatore jaien balorazio positiboa egin du. Udala “pozik” azaldu da festen inguruan, eta aurten egin dituzten ekimen berriak “arrakastatsuak” izan direla jakinarazi du, futbito txapelketa, zorolinpiadak, suzko zezena edota joaldunen kalejira, kasu. Halaber, Esne Beltzaren kontzertuak eta urtero egiten duten marmitako txapelketak ere “arrakasta” izan dutela gaineratu dute.
Bestetik, aurtengo festetan txosnak lekuz aldatu dituzte, eta antolatzaileek nabarmendu dute modu honetara txosnak “festa eremuaren barruan” sartu direla: “Adin-talde desberdinetako jendea gerturatu da txosna gunera, eta ingurunea nahiz azpiegiturak ondo zaindu dira”. Hala ere, txosna batek adostutako ordutegia bete ez duela adierazi dute, eta horrek bizilagun batzuen kexak sortu dituela; hala, hurrengo urtera begira “arazo horri konponbidea” ematen saiatuko direla aurreratu dute.
Hala ere, Udalak herritarrak zoriondu ditu, “oro har festak ondo joan direlako eta jarrera ona izan dutelako”. Beraz, eskerrak eman dizkie herritarrei, horiek festetan izan duten “laguntza eta parte-hartzeagatik”.