Ohiturak berreskuratuz, Aizarnan

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 11

Zestoako Aizarna auzoan ez dute «betiko ohiturak» galdu nahi. Horregatik, aurtengo Amabirjin jaietan hainbat ekintza berreskuratu dute, eta egitarau berritua prestatu dute. Bihar, esaterako, herri afaria egingo dute, erromeriaz girotuta. Aurreko urteko festetan ez zuten egin herri afaria, hainbat arrazoi zela-eta. Orduan ere ez zuten oilasko biltzerik egin, baina aurtengoan helduko diote ekimenari. Asteartean, hilaren 16an, egingo dute. Goizean goiz irtengo dira gazteak oilasko biltzera, eta eguerdian, ohikoa den moduan, oilasko biltzeen dantza egingo dute, plazan. Ondoren bazkaltzera joango dira guztiak, eta arratsaldean kalejira egingo dute. Erronka auzotarren artean Aurten, gainera, auzotarrak buruz buru arituko dira lehian. Bi gazte talderen arteko erronka izango da, herri kiroletan. Igandean izango da saioa, plazan, eta besteak beste aizkoran, txingetan edota harri-jasotzen arituko dira. Antolatzaileek adierazi dute halako ekimenek «xarma berezia» izaten dutela, eta gazte asko erakartzen dutela gaineratu dute. Izan ere, duela urte batzuk auzoen arteko erronkak egiten zituzten, azkenaldian ohitura galduta bazuten ere. Gainera, hasiera batean Aizarnako taldea Azpeitiko Sanjuandegiko beste baten aurka jokatzekoa zen, baina azken orduko aldaketak medio, auzotarren artean izango da lehia. Antolatzaileek festa «herrikoiak» prestatu nahi izan dituzte, eta horregatik heldu diete duela urte batzuetako ohiturei. Aizarnan amabirjin jaiak Abuztuak 13, larunbata 12:00. Txupinazoa. Ondoren, sardina eta hirugihar-jana, txotxarekin. 18:00. Haurrentzako jolasak. 21:00. Herri afaria. Segidan, Elustondo anai-arrebekin erromeria. Abuztuak 14, igandea 12:00. Erretiratuen hamaiketakoa. 18:00. Herri kirolak: Aizarnako taldea Azpeitiko Sanjuandegiren aurka. Segidan, triki-bertso poteoa. 21:00. Gazteen afaria. 23:00. Balsabe trikitilariak. Abuztuak 15, astelehena 11:00. Meza nagusia. 12:00. Esku pilotako partidak. 18:00. Kale antzerkia. Jarraian, triki-bertso poteoa. 23:00. Obaneuke taldearekin erromeria. Abuztuak 16, asteartea 08:00. Oilasko-biltzaileen irteera. 10:30. Puxka Muxka Zirkus ikuskizuna, haurrentzako. 14:30. Oilasko-biltzaileen dantza, plazan. Ondoren. Oilasko-biltzaileen bazkaria. Arratsaldean. Oilasko-biltzaileak kaleko etxeetan zehar ibiliko dira. 22:30. Kupela taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide