Aurtengo udan ere saskibaloia itsasertzera ekarriko du ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak. Itsas pasealekua atari zabaleko kantxa zabal bihurtuta, 3×3 Street Basket Txapelketa jokatuko dute abuztuaren 26tik 28ra. Egitasmoa erreferentzia bilakatu da, eta urtetik urtera harrera hobea izan ohi du. Iaz 184 taldek hartu zuten parte txapelketak iraun zuen hiru egunetan; 700 jokalaritik gora, hain zuzen ere. Aurten, gehiago espero dituzte. Izan ere, ohiko kategoriez gain, saskibaloi egokituko txapelketa antolatu dute lehen aldiz.
Orain arte, saskibaloi egokituko erakusketaldiak egin dituzte, baina lehiaz kanpo. Irisgarritasun aldetik txapelketa eremua kokapen egokian dagoenez, pauso bat haratago eman eta Hotel Zarautz-Santa Barbara Jatetxea Saria txapelketa egokitua antolatu du Zarauzko Saskibalioi Taldeak, Zarauzko Udalaren eta hainbat laguntzaileren babesarekin. Txapelketa hau egitasmoaren azken egunean jokatuko da, abuztuaren 28an. Era berean, parte-hartzaile egokituentzako jolas ezberdinak egingo dituzte, partiden arteko denbora arintzeko. Jolas horietako irabazleei ere sariak banatuko dizkiete.
Egokituen txapelketa arratsaldez izango da, baina antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu diete. Alde batetik, patata tortila lehiaketan parte hartu ahal izango dute, eta, bestetik, sorosleen laguntzarekin, Zarauzko hondartzan bainua hartzeko aukera eskainiko zaie.
Izen-ematea zabalik
Txapelketan izena emateko epea zabalik dago, eta Zarauzko Saskibalioi Taldearen webgunean egin daiteke (www.zast.es), bertan erantsita dagoen fitxategia beteta. Mailaren arabera, inskripzio tasa ezberdinak finkatu dituzte: aurremini, alebin, infantil eta kadete mailako taldeek 20 euro ordaindu beharko dute; koadrilek, berriz, 32 euro; eta senior mailako eta saskibaloi egokituko taldeek, azkenik, 40 euro.
Izen-ematea baliotzeko, talde bakoitzak Kutxako kontu korronte zenbaki honetan sartu beharko du dirua: 2101 0076 56 0122083751. Horretaz gain, 3×3 ZARAUTZ 2011 izenburua eta taldearen izena zehaztu beharko dute. Baliotutako taldeen izenak saskibaloi taldearen webgunean azalduko dira. Izen-ematearekin batera, txapelketako elastikoa eta edari txartel bat jasoko dute parte-hartzaile guztiek.
