Jende asko hurbildu zen Aiako karroza ikustera

Karkara.eus 2011ko abuztuaren 10a

Noeren arka izan zen karrozaren ardatz nagusia

Urtero bezala, abuztuaren 9arekin egin zen karroza Aiako festen barruan. Aurrez dantza erakustaldia izan zen ikusgai, baina, berandu hasi bazen ere, ikusmira handia sortzen duen karrozaren zain egon zire...

Noeren arka izan zen karrozaren ardatz nagusia

Urtero bezala, abuztuaren 9arekin egin zen karroza Aiako festen barruan. Aurrez dantza erakustaldia izan zen ikusgai, baina, berandu hasi bazen ere, ikusmira handia sortzen duen karrozaren zain egon ziren gauerdia pasata ehunka lagun.

Kanpaiek bi aldiz jo, eta handik minutu gutxira agertu zen Noe –Jon Ander Azpiroz–, bere emazte Noa –Laurentxi Iturain– non zen galdezka. Hauek biak izan ziren protagonista nagusiak, nahiz eta Noaren papera mutua izan. Baina halako batean, hirugarren protagonista agertu zen, Jainkoa –Mirari Azpiroz–.

Hor hasi zen Noeren arkaren istorioa. Jainkoak umorez kontatu zion Noeri zer egin behar zuen, eta han agertu zen, arka eta guzti –Titanic pelikularen interpretazioa eginaz-. Animali ezberdinak bildu zituen, guztiak ere umorez bildu gainera. Saio guztian zehar, Noak Noeri zirriak eta laztanak egiten zizkion, eta honek bakean uzteko esan, barre-algara asko eragin zuelarik jokabide honek.

Lehena zezena izan zen, horretarako toreroa eta pikadorea ere agertu ziren. Atzetik behiak, pinguinoak eta txakurrak ondoren. Txakurrak, artzain eta guzti joan ziren, Gipuzkoako Ardi Txakurren lehiaketan parte hartu zuen artzainaren papera bete zuen Ixidro Iturainek. Hauek eta gero Gorritiren showa antzeztu zuten oilarra aukeratzeko. Gorritik hain ohikoa duen oilarren erakustaldia antzeztu zuten, oilarrari kantatzeko esanda, baina honek kantatzen ez, eta aizkora hartuta atzetik ibili zen Gorriti.

Katuak ere agertu ziren, Doraemon eta Hello Kittyren mozorroekin. Azkena biltzen, euli handi bat izan zen, horretarako sekulako euliak hiltzeko pala erabili zuelarik Noek. Istorioa bukatzeko, Jainkoak Noeri desio bat eskatu eta honek Noa emazteari joateko esan zion, behin joanda, emakume gazte bat eskatu ziolarik Jainkoari.

Honela bukatu zen istorioa, umoretsua izan zen karroza, alaia, eta jendearen gustukoa. Dena den, emakumearen papera hobeto zaindu behar dute kritika bat egite aldera. Antzerkia nahikoa ikuspuntu matxistatik egina izan zen-eta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide