
«Zorteak ez dio utzi azken txupinazoa botatzen», dio Patxi Iruretagoienaren lagun Juan Mari Arrizabalaga Belarriok. Hala gertatu da. Festak iragartzen dituen suziria bota baino minutu batzuk lehenago hil da Iruretagoiena, «emozioak-edo» eraginda. Ohikoa zen zarauztarra Azken Portuko festetan; ez zuen hitzordu bat bera ere galtzen. Aurtengoan ere ez da faltako, pentsamenduan bada ere bertan izango baita Iruretagoiena.
«Parrandazalea zen Patxi, mutil ona. Auzotarrok asko maite genuen», dio haren kide Joxe Antonio Aizpurua Martiñenek. Urte askotan Azken Portuko Komisiokide izan da. «Hasieretako festa batzordean jardun zuen, hura baino 15 bat urte zaharragako auzotarrekin. Egun ere hor jarduten zuen, gaztetxoekin festak antolatzen», azaldu du Belarriok.
14 urte zituenetik aritu da auzoaren alde lanean; urte batean soilik egin zuen huts: «Urte hartan itsasora joan behar izan zuen lanera». Ordutik denetarik egin du: festak prestatu, soinujoleen laguntzaile izan, haurrekin jardun… Ez zegokion alorretan ere hartzen zuen parte: «Ez zen inoiz txarangako kide izan baina gutako beste bat zen, beti biltzen zen gurekin», azaldu du Belarriok. Festaren zutabeetariko bat zen Iruretagoiena, finean. 1991etik, gainera, bera izan da txupinazoa botatzearen arduraduna. «Suziria botatzen zuena pertsona garrantzitsua zen auzoan», nabarmendu du.
Hori dela eta, auzotarrek gogoz agurtuko dute. Gaur izango da haren aldeko hileta, Santa Maria la Real Parrokian, 19:00etan. Komisioko kideek deialdia egin diete auzotarrei eta herritarrei bertaratzeko. Elizkizuna amaitu ostean, Azken Portuko abestia joko du txarangak, Habanera. Horrez gain, auzoko bizilagunek eta batzordeetako kideek festetako elastikoak eramango dituzte, haren hilkutxaren gainean jartzeko. Hiletaren ostean, Azken Portun bilduko dira guztiak Iruretagoienari omenaldi berezia egitera. Bestalde, aurrerantzean santaklaretako ekitaldi nagusiak haren omenez egingo dituztela erabaki dute komisiokideek, marmitako lehiaketa eta I. Herri Bazkaria kasu.
«Orain zeruan emango du gerra Patxik. Duela urte batzuk hil zen Joxe Mari Artetxerekin batera festak antolatuko dituzte han goian», adierazi du Iñigo Ameztoik. Dudarik gabe, festa izango da Iruretagoienaren aldeko lutorik onena.