‘Xala’ ez da izango Zarautz Hiria Torneoan

Zarauzko Hitza 2011ko abu. 10a, 06:30

‘Xala’-k ez du jokatuko bihar Zarautz Hiria Torneoan. Aspe enpresak jakinarazi duenez, Gonzalezek ordezkatuko du  ‘Xala’ Olaizola II.-aren kontrako partidan. Igandean Gasteizen jokatu zuen partida Yves Salaberry  ‘Xala’-k, eta han min hartu zuen eskuan, guraizeekin ebakia eginda. Ezker eskuan du zauria, eta hasiera batean Zarautzen izango zela esan zuten arren, kontrakoa esan dute gaur. Zarautzen frontoian probak egin ondoren hartu dute erabakia, “jokatzeko moduan ez dagoelako”. Astebete inguruz bajan izango dela jakinarazi dute. Maila handiko txapelketa izango da aurtengo profesional mailako esku pilotako Zarautz Hiria Torneoa. Hala adierazi zuten txapelketaren aurkezpenean Aspe eta Asegarce enpresetako arduradunek. Izan ere, aurten punta-puntako lau bikote ariko dira lehian. Bihar hasi eta asteartera  jokatuko dute txapelketa, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Lehenengo jardunaldian, Yves Salaberri Xala-k Aimar Olaizola Olaizola II.-aren aurka neurtu behar zituen  indarrak, aurtengo banakako finalean bezala. Oraingo honetan, ordea, binaka jokatu behar zuten. Azkenean, Gonzalezek hartuko du ‘Xala’-ren lekukoa eta  Aitor Zubieta izango du lagun. Olaizola II.-ak, berriz,  Jon Ander Albisu. Olaizola sei aldiz gailendu da Zarautz Hiria Torneoan; 2000, 2002, 2004, 2005, 2006 eta 2009. urteetan, hain zuzen. Lehenengo jardunaldiko lehiak ikusmina sortuko badu, bigarrengoa ere ez da motz geratuko. Alde batetik, Bengoetxea VI.a iaz lortutako titulua berresteko asmoz helduko da, baina [...]

‘Xala’-k ez du jokatuko bihar Zarautz Hiria Torneoan. Aspe enpresak jakinarazi duenez, Gonzalezek ordezkatuko du  ‘Xala’ Olaizola II.-aren kontrako partidan. Igandean Gasteizen jokatu zuen partida Yves Salaberry  ‘Xala’-k, eta han min hartu zuen eskuan, guraizeekin ebakia eginda. Ezker eskuan du zauria, eta hasiera batean Zarautzen izango zela esan zuten arren, kontrakoa esan dute gaur. Zarautzen frontoian probak egin ondoren hartu dute erabakia, “jokatzeko moduan ez dagoelako”. Astebete inguruz bajan izango dela jakinarazi dute.

Maila handiko txapelketa izango da aurtengo profesional mailako esku pilotako Zarautz Hiria Torneoa. Hala adierazi zuten txapelketaren aurkezpenean Aspe eta Asegarce enpresetako arduradunek. Izan ere, aurten punta-puntako lau bikote ariko dira lehian. Bihar hasi eta asteartera  jokatuko dute txapelketa, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan.
Lehenengo jardunaldian, Yves Salaberri Xala-k Aimar Olaizola Olaizola II.-aren aurka neurtu behar zituen  indarrak, aurtengo banakako finalean bezala. Oraingo honetan, ordea, binaka jokatu behar zuten. Azkenean, Gonzalezek hartuko du ‘Xala’-ren lekukoa eta  Aitor Zubieta izango du lagun. Olaizola II.-ak, berriz,  Jon Ander Albisu. Olaizola sei aldiz gailendu da Zarautz Hiria Torneoan; 2000, 2002, 2004, 2005, 2006 eta 2009. urteetan, hain zuzen.
Lehenengo jardunaldiko lehiak ikusmina sortuko badu,
bigarrengoa ere ez da motz geratuko. Alde batetik, Bengoetxea VI.a iaz lortutako titulua berresteko asmoz helduko da, baina Patxi Ruizekin jokatu beharrean, Aritz Begino izango du bikotekide. Duela bi urte elkarrekin jokatu zuten, eta txapeldunorde izan ziren. Bestetik, Juan Martinez de Irujo nekaezin ariko da Aritz Laskurainekin batera. Laskurainek 2008an irabazi zuen Augusto Ibañez Titin III.a lagun zuela, Xala eta Pascualen aurka. Irujok, bere aldetik, lehen aldiz jokatuko du Zarautz Hirian.
Finalerdietako irabazleak elkarri egin beharko diote aurre torneoaren finalean, hilaren 16an. Jardunaldi guztietan, finalerdietan zein finalean, partida nagusiaz gain, aurretik eta ondoren, binakako partida bana jokatuko da. Hauek izaera ludikoa izango dute; ez dira txapelketako norgehiagokak.
Torneoko parte-hartzaile guztiak, Martinez de Irujo izan ezik, izan ziren herenegun udaletxeko pleno bilkuran egin zuten aurkezpenean. Horiez gain, bertan izan ziren Asegarceko arduradun Iñigo Salbidea, Aspeko arduradun Martin Alustiza eta Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi.

Sarrerak
Erreserbak. Aspe (661-259009) edota Asegarce (656-799423) enpresetara deitu beharko da sarrerak aurrez eskuratu ahal izateko.
Egunean bertan. 12:30-13:30 eta 16:00etatik aurrera irekiko dute lehiatila; abuztuaren 13an eta 16an, berriz, 16:00etatik aurrera soilik.
Partiden egitaraua
Abuztuak 12, ostirala

17:00. Aurreko partidan, Olaetxea eta Apraiz Aritz Lasa eta Peñagarikanoren kontra. Partida nagusian, torneoaren finalaurrekoan, Gonzalez eta Zubieta, Olaizola II.a eta Albisuren aurka. Ondorengo partidan, Lemuno eta Argote, Mendizabal III.a eta Cecilioren kontra.
Salneurria. Kantxatik ikusteko, 35 euro ordaindu beharko da; errebotetik, berriz, 20 euro.

Abuztuak 13, larunbata
17:15. Aurreko partidan, Saralegi eta Ibai Zabala, Retegi Bi eta Merinoren aurka. Partida nagusian, torneoaren finalaurrekoan, Bengoetxea VI.a eta Begino, Martinez de Irujoeta Laskurainen aurka. Ondorengo partidan, Ongay eta Larrinaga, Rico IV eta Oteizaren kontra.
Salneurria. Kantxatik ikusteko, 35 euro ordaindu beharko da; errebotetik, berriz, 20 euro.

Abuztuak 16, asteartea
17:00. Aurreko partidan, Olaizola I.a eta Ibai Zabala, Aritz Lasa eta Merinoren aurka. Torneoaren finala jokatuko dute finalaurreko irabazleek, gerora. Ondorengo partidan, Apezetxea eta Arruti, Rico IV eta Aretxabaletaren kontra.
Salneurria. Finala kantxatik ikusteko, 50euro ordaindu beharko da; errebotetik, berriz, 25 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide