Atzo, abuztuaren 7a, igandea, goizean Getarian jokatutako estropadan, Orioko neskak 2. izan ziren Zumaiaren atzetik. Gipuzkoako Ligako punturik ez zen banatu estropada horretan. 28 segundoko aldea atera zion traineru gorriak horiari, eta beste bi horiak Hondarribiari.
Orio Bk, bestalde, larunbatean jokatu zuen estropada Pasaiako uretan. Bertan 6. izan ziren oriotarrak eta, horrela, tartea handitu zuen jaitsierako postutan dagoen Getxorekin, eta orain 14 puntutara daude bizkaitarrak. Aurretik den Hondarribia B ere gertuago dute orain, 5 puntutara.
Hurrengo estropada hilaren 13an, larunbatean, goizeko 12:00etan, jokatuko dute Zarautzen.
Aitor Balerdi aulki mugikorrean
Aitor Balerdi, Orioko Arraun Elkarteko arraunlaria, Munduko Txapelketa jokatzen izan da, Espainiaren izenean, zortzikoan. Ingalaterrako Eton Dorney arraun pistan jokatu dira txapelketak eta 4. izan da zortziko espainiarra, domina lortzetik 2 segundo eskasera.