Eusko Jaurlaritzak GMTK, Goialde eta Azcue y Cia enpresetan dirua jarri du

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 8a

Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk joan den hilean lau enpresetan lau milioi euro inbertitu du, «enpresak indartu eta hedatzen laguntzeko». Lau enpresa horietatik hiru Urola Kosta eskualdekoak dira: Zestoako Sansinenea industrialdean dauden GMTK eta Goialde, eta Azpeitian, Urrestillan, dagoen Azcue y Cia. Hiru horietan hiru milioi euro inbertituko du. Laugarren enpresa Gasteizko Sagola enpresa da. Arrisku Kapitalaren Kudeaketak azken inbertsioak uztailean burutu zituen GMTK, Goialde eta Azcue y Cia enpresetan, «indartzeko eta hedatzeko dituzten helburuetan laguntzeko». Inbertsio handiena GMTK enpresan egin dute: 1.125.000 euro. Zestoako Arroa Behea auzoko Sansinenea industrialdean dago, eta makina erreminta enpresa da. Hamabost langile ditu gaur egun. Sansinenea industrialdean dagoen Goialde enpresan ere inbertitu dute. Kasu horretan, 750.000 euro. 38 langilek egiten dute lan Goialden. Enpresa horretan makina erremintako eta aeronautikako osagaiak eta doitasun-erremintak ekoizten dituzte. Azpeitian, Urrestillako industrialdean dagoen Azcue y Cia enpresan milioi bat euro inbertitu ditu Arrisku Kapitalaren Kudeaketak. Azcue y Cia enpresak gaur egun 110 langile ditu, eta etxeko altzariak egiten dituzte. Orain, inbertsioak jaso dituzten enpresa hauek krisi ekonomikoaren eragin larriak jasan dituzte azkenengo urteetan. Azcue y Cia enpresaren kasuan, 2008an Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuen, eta ondorioz hainbat langile kaleratu zituen: txostena aurkeztu aurretik 205 langile inguru zituen Urrestillako enpresak, eta gaur egun ia erdira jaitsi da langile kopurua; 110 behargin dira egun. Azcue y Ciak bezalaxe, 2009an Goialdek Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuen, 24 langileri eraginez. Zatirik handiena, Jaurlaritzak Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketaren ardura Eusko Jaurlaritzarena da. Sozietate horren gehiengoa Eusko Jaurlaritzako Industriaren Sustapen eta Eraldaketako Sozietateak, SPRIk, du. Horrez gain, BBK-k, Kutxak, Vital Kutxak eta Mondragon Inbertsio Kooperatibak kapital sozietatean parte hartzen dute, gutxieneko batekin. 1985ean sortu zuten erakundea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide