Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
ETAk Joxe Mari Korta enpresaria hil zuela 11 urte dira gaur, eta omenaldia egin diote eguerdian Zumaian. Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak elkarretaratzera deitu du 12:00etarako.
Oikiako lantegi aurrean bildu dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko bi ordezkari, Marina Bidesoro giza eskubideen zuzendaria eta Iker Badiola diputatua, baita Pello Urizar ere, Bildu koalizioko buruetako bat. Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari Maixabel Lasa, Gipuzko Buru Batzarreko kide Roman Sudupe, EAJko legebiltzarkide Joseba Egibar, Aralarko legebiltzarkide Aintzane Ezenarro, Maria Eugenia Arrizabalaga, Zumaiako EAJko zinegotzi Montse Arana, Gorka Landaburu kazetaria, eta Kortaren sendia.
"Gure herrian konbibentzia posible izan dadin, beharrezkoa da biktima guztien errekonozimendua eta aitormena", adierazi du Joxe Mari Mujika, Bidetik Fundazioko bozeramaileak.
Urizarrek ere egin ditu adierazpenak. "Iragana ez da ahaztu behar, baina iragana da eta aurrera begiratu behar da". Bide beretik, Bilduk jasotako kritikak ez direla "justuak eta onargarriak" nabarmendu du, eta koalizioak "biktima guztien alde" lan egiteko asmoa duela esan. "Biktima guztien alde egin nahi du lan Bilduk. Baina ez ditu biktimak parekatu nahi, alderatu nahi, ez gara joko horretan sartuko". Gaurkoa bide horretan "urrats txikia" izan dela adierazi du, eta sakontzen jarraitzeko asmoa dutela; "baina gure agenda jarraituz".
Arratsaldeko 19:00etan, berriz, meza egingo dute Zumaiako San Pedro elizan.