Asteazkenean, abuztuaren 3an, iluntzeko 20:00etan, izan zen Aiako Udaleko udalbatza. Bertan hiru gai aztertu eta hiruak onartu ziren. Puntuz puntu honela joan zen udalbatza.
1.- Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuaren lehenengo aldaketa: Bainet. Bainet enpresak, bere kokagunea Errota Etxe baserrian du (Altxerri eta Errota tartean). Bera jardueraren beharrak direla eta, hazkuntza bat egiteko aukera bideratu ahal izateko, Arauen aldaketa proposatzen dugu. Dokumentu honek, 700 m2-tako eraikin bat altxatzeko eta inguruan aparkalekuak egokitzeko aukera bideratzen du. Dokumentu honen barne, kasko ingurunean kokatuta dauden Lur Kooperatiba, Armendi baserria eta Matadero etxea, lur ez edifikagarritik hiri-lur gisa kalifikatzeko aukera ere jasotzen da, Armendi baserriari 4 solairu egokitzeko aukera emanaz, Matadero etxea solairu bat izateko aukeratik bi egiteko aukerara pasatzeko, eta Lur Kooperatibaren inguruan, zerbitzu ekipamendu bezala egonkortzeko.
EAJk mahai gainean jarritako proposamena beren botoekin (6) onartuta geratu zen. Bilduk (5 boto), ez zuen proposamena onartu, Matadero etxearen proposamena izango duen erabilera jakin aurrez bi solairu izatea ez zaielako ondo iruditzen.
EAJk erantzuna eman zion. Matadero etxea ere proposamen berean sartzeak dokumentu bakarrean jaso eta gastu eta prozedurak murriztea lekarkeela esan zuten lehenik eta, bestetik, erabaki horrek eraikinak izan lezakeen erabilera ez duela mugatzen esan zuten. Ekipamendu bezala erabili edo bestelako erabileraren bat behar izanda ere, hiri-lur izaera nahitaezkoa du eta horretarako baldintza guztiak betetzen ditu, adierazi zuten EAJkoek.
Hurrengo bi puntuak gai-zerrendan ez zeudenez, bozketa egin eta aztertzea onartu zuten aho batez.
2.- Erriberatxo eremuko Plan Partzialaren behin-behineko onarpena. Erriberatxo baserriaren ingurunean, Arauetan jasotzen dena kontutan hartuta, erabilera industrialerako eremu bezala izendatuta egonik, Plan Partziala aurkezten dute bertako eragileek.
Dokumentua aztertuta, aho batez onartu zuten zinegotziek aurrera egitea eta behin behineko onarpena ematea. Orain Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman beharko dio.
Azken puntua Espainiako Vueltaren inguruko mozio bat da eta honela aurkeztu zuten udalbatzan:
3.- Vuelta Ciclista a España Euskal Herrira datorrela eta mozioa.
EAJ-k eta Bilduk, ekitaldi honen aurrean, mozio bat adostu eta onartu dugu.
Mozioak honakoa dio:
Espainiar txirrindularitza proga garrantzitsuena Euskal Herritik pasatzea ez da kasualitatea eta ez dio erantzuten kirol irizpideei. Hainbat eta hainbat txirrindularitza proga bertan behera utzi dituzte sostengatzen zituzten laguntzak etetearekin, Vueltarekin berriz, inolako arazorik ez dute milaka euro xahutzeko.
Zein helbururekin pasarazi nahi dute Vuelta Euskal Herritik? Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela aldarrikatzea. Euskal Herritik Vuelta Espainiarekin bat egiten dutela irudikatzen saiatzea. EAJrekin ez bezala PSE-EErekin gauzak aldatu direla frogatzea. 17 urte ondoren normaltasun politikoa itzuli dela irudikatu nahi dute Vuelta Euskal Herrira ekarriaz.
Euskal Herria ez dela existitzen irudikatu nahi dute. Espainiako lurralde bateko autonomi erkidego batetik igaroko dela irudikatu nahi dute. Hainbatetan gertatzen den antzera ageriko ikur eta aldarrikapenak tokiko nortasun adierazpen gisa desitxuratu nahiko dituzte eta horrela bere etorkizunaren jabe izateko determinazioa duen nazio bat ezkutatu nahiko dute.
Horren adibidea, beste batzuen artean, azken bolada honetan, gure erakundeetan Espainiako bandera ezartzearen estrategian daukagu (Foru Aldundian, Batzar Nagusietan, Irungo Udaletxean, Lizartzako Udaletxean ea...)
Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa da, 21.000 km2 eta 3.000.000 herritarrez osaturiko nazioa gara. Gure buruaren jabe izan eta nazioartean gure herria ordezkatzeko borondatea dugu. Halere, Espainiar eta Frantses estatuek gure etorkizuna erabaki ahal izateko eskubidea ukatzen digute.
Gure nazio izatea ukatzen digutenek, ukazio hori berresteko helburuarekin dakarte kirol froga garrantzitsu hau gure herrira. Horregatik, Espainiar itzulia ez da ongi etorria Euskal Herrian.
Gure hausnarketa eta salaketa kaleratu nahi dugu eta euskal jendarteari Espainiarren itzuliaren aurrean euskal nazioaren izatea aldarrikatu eta defendatzera deitzen dugu.
Guzti hori kontutan izanik, hurrengoa onartzea eskatzen diogu udalbatza honi:
1. Euskal Herria nazioa dela aitortuz, Unipublic 2011ko Txirrindularitza Itzulia antolatzen duen enpresari eta Espainiako Txirrindularitza Federazioari, errealitate hori aintzat hartuaz antolatu dezatela aurtengo eta hurrengo urteetan txirrindularitza itzuli hori.
2. Unipublic enpresari eta Espainiako Txirrindularitza Federazioari, akordio honen berri ematea.
3. Espainiar eta Frantziar estatuei, Euskal Herria nazio gisa errespetatu eta onartzea onestea.
4. Gainontzeko herritar, kirol talde, eragile sozial, sindikatu, nahiz politikoei, hausnarketa honetara gehitu daitezen eskatzea.
5. Akordio honen berri herritarrei jakinaraztea eta ohiko komunikabide bidez zabaltzea.